Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Monday, December 17, 2012

DBH 2: Mate. Lehen mailako funtzioak (3)

Hemen lehen mailako hainbat funtzio. Bikoteka marraz itzazu grafikatan eta ondoren galdera hauek erantzun itzazu:
- Zein motatako funtzioa da bakoitza (lineala, afina ala konstantea)?
- Gorakorra ala beherakorra da?
- Zein puntutan elkartzen dira funtzio biak?

Funtzio bikoteak:
A) y = x + 4 ; y = -2.x + 1
B) y = x - 1 ; y = 2.x
C) y = 2.x - 5 ; y = x + 3
D) y = 3 ; y = 2.x - 1
E) y = 1 - 4.x ; y = 2.x - 5

Wednesday, December 12, 2012

DBH 2: Mate. Lehen mailako funtzioak (2)

3) Donejakue bidea egiten ari nintzela Naiaran Pedro aurkitu nuen. Bera hiru egun lehenago bidea egiten hasia zen eta dagoeneko 75 kilometro ibiliak zituen. Nik berarekin batera aurrera jarraitzea erabaki nuen hurrengo hamar egunetan.
- Zenbat kilometro izango zituen ibiliak Pedrok nirekin elkartu eta bi egunetara? eta nik agur esan nionean?
- Leon Naiaratik 300 kilometrotara badago eta santiago distantzia bikoitzera, zenbat egun behar izango zituen hiri bietara iristeko?

4) Pedro Galiziako mugara iritsi eta 21 metroko altuera duten eukaliptoen aurrean dago. Urtero 3'5 metro hazten direla esan diote.
- Egin ezazu hurrengo hamar urteetako grafika.
- Zein da eukaliptoen hazkuntza zehazten duen formula?
- Zein altuera izango dute zuk 30 urte betetzen dituzunean?
- 84 metrotako altuera dutenean mozten badituzte, zein urtetan izango da hori?

Monday, December 10, 2012

DBH 2: Mate. Lehen mailako funtzioak (1)

1) Lantziegoko etxe bat alokatu du familia batek. Ordaintzen duten alokairua hileko 400 €-koa da, baina hasieran fidantza gisa 1000€ eman behar izan dituzte.
- Egin ezazu lehen 10 hilabetetako grafika.
- Aurki ezazu grafika horrek jarraitzen duen formula.
- Zenbat ordaindu izango dute guztira bi urte betetzerakoan?
- Hiru urte eta erdi bertan bizi ondoren etxez aldatzea erabaki dute eta fidantza itzuli zaie. Zenbat ordaindu dute beraz guztira denbora horretan?

2) Hartz arre bat maiatzean hasi da hibernaziorako prestatzen. Orduan 170 kg-ko pisua zeukan eta hilero 20 kg irabazten ditu.
- Egin ezazu abendurarteko pisuaren grafika.
- Zehaztu grafika hori betetzeko erabili den formula.
- Zein da abenduan irabazitako pisuaren portzentaia?
- Hartzak hibernaziorik egingo ez balu zein pisu izango luke hurrengo urteko maiatzean?


Sunday, December 9, 2012

DBH 4: Fisika. Higidura Uniformeki Azeleratua

Egin itzazu ondorengo ariketak:
1) Semaforoa berde jartzean Sebastian Vettelen Red Bull autoa azeleratzen hasi eta lehenengo iritsi da aurreneko bihurgunera, horretarako 8 segundu behar izan dituelarik. 215 km/h-ko abiadura lortu badu, zein izan da azelerazioa? Zein distantzia ibili du?
2) Zuzengune luze batean zetorren autoak abiadura jeitsi behar izan du Guardiara sartzerakoan. Sei segundutan 35 km/h-ko abiduraraino iritsi da. Azelelerazioa -1'75m/s2-koa izan bada, zein zen zuzengunean zeukan abiadura?
3) Empire State Buildingeko goiko puntatik lorontzi bat erori da. Kontuan izanik lorontziak 750 gramo pisatzen dituela eta plastikozkoa dela, zein abiadurarekin jo du espaloia?
4) Bazetorren kamioia 80 km/h-tan eta zazpi segundutan 40 m/s-ra aldatu du abiadura. Zein izan da azelerazioa? Zenbat metro ibili ditu zazpi segundu horietan?
5) 60 km/h-ra zihoan auto batek 250 metrotara gorri zegoen semaforoa ikusi du eta juxtu izan bada ere marran bertan gelditzea lortu du. zein izan da azelerazioa?

Monday, December 3, 2012

MGZ/DBH 4 Bio: Euri azidoaren eragina.

Euri azidoaren eragina ikusteko


Wednesday, November 28, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (4)

Sexuari loturiko gaixotasunen ariketak dituzu jarraian:

1) Posible al da ondo ikusten duten gurasoek alaba daltonikoa izatea? Eta seme daltonikoa izatea?

2) Gizon hemofiliko batek hemofiliaren eramalea den alaba dauka. Hau gerta dadin ezinbestekoa al da emaztea ere eramalea izatea?


3) Gizon hemofiliko eta emakume eramalea haur baten esperoan daude.
    a) Zein da haurra jaio aurretik hiltzearen probabilitatea?
    b) Haurra jaio bada, zein da hemofilikoa izateko daukan probabilitatea?

4) Zein da emakume daltoniko batek seme daltonikoa izateko daukan probabilitatea? Aukera berdina al du alaba daltonikoa izateko?

5) Emakume batek eta gizon hemofiliko batek seme hemofilikoa izan dute. Zein da emakumearen genotipoa?

6) Gizon normal batek eta daltonismoaren eramalea den emakumeak lau seme daltoniko izan dituzte. Posible al da hori?

Saturday, November 24, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (3)

Oraingoan odol taldeen inguruko ariketak egingo ditugu.

1) A taldeko emakume batek eta B taldeko gizon batek bi haur dituzte, bata A taldekoa eta bestea B taldekoa. Zeintzuk dira lauren genotipoak?

2) Senar eta emazte baten ama biak 0 taldekoak ziren baina beraiek AB taldeko alaba izan dute. Posible al da? Posible bada, zein izango da orduan senar emazteen genotipoa?

3) AB taldeko gurasoak haur baten esperoan daude. Zein probalilitate dauka haurrak...
    a) ... A taldekoa izateko?
    b) ... heterozigotikoa izateko?

4) A taldeko emakume batek A taldeko semea izan du. Horretarako ezinbestekoa al da senarraren odol taldea ere A izatea?

5) AB taldeko ama eta B taldeko aita duen alaba homozigotikoak odol transfusio baten beharra dauka. Nork eman beharko lioke odola?

6) AB taldekoa den pertsona baten gurasoen genotipoa nolakoa da? Aipa itzazu aukera guziak.

7) B taldeko bi gurasoen alabaren odola 0 taldekoa da.
    a) Nolakoa da gurasoen genotipoa? 
    b) Posible al da alabaren aitonetako bat 0 taldekoa izatea?

8) Posible al da AB taldeko pertsona baten semea 0 taldekoa izatea? Eta pertsona horren ama 0 taldekoa izatea?

Friday, November 23, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (2)

Bi karaktere kontutan hartzen dituzten genetika ariketak dituzu jarraian.

1) Laborategi batean 48 akuri aurkitu ditugu. Hauetako 9 beltzak eta belarri luzeak dira, 27 zuriak eta belarri luzeak, 3 beltzak eta belarri motzak eta 9 zuriak eta belarri motzak. Zeintzu alelo dira gainartzaileak eta zeintzu azpirakorrak? 

2) Armiarma beltz (heterozigotikoa) eta iletsua eta armiarma marroi eta biluzia (heterozigotikoa) gurutzatu eta 80 arrautza jarri zituzte. Jakinik kolore beltza eta biluziak izatea gainartzaileak direla, kalkula ezazu:
    a) Zenbat armiarma iletsu jaioko dira?
    b) Zenbat armiarma izango dira marroiak eta biluziak?
    c) Zenbat armiarma izango dira homozigotikoak bi karaktereentzako?


3) Bi aldiz gurutzatu ditugu sagu zuri begi marroiduna (AABb) eta sagu zuri begi gorriduna (Aabb). Lehenengo aldian 14 kume izan dituzte eta bigarrenean 18.
    a) Zenbat kume gris izan dituzte guztira?
    b) Zenbat kumek ez dute begi marroirik edukiko?
    c) Zenbat kume izango dira heterozigotikoak bi ezaugarriekiko?

4) Erle hori eta hegalmotza (bi ezaugarriak heterozigotikoak) eta erle hori (heterozigotiko) eta hegal luzeduna (homozigotikoa) gurutzatu dira.
    a) Zein alelo izango dira gainartzaileak?
    b) Zein izango da ondorengoen artean erle beltzak izateko probabilitatea? 
    c) Zenbat erle hori hegal luze jaioko dira?

5) Tximeleta baten alelo dominanteak hego handiak eta zuriak dira. Tximeleta zuri hego handiduna (bietan hetero zigotikoa) tximeleta beltz eta hego handidunarekin (heterozigotikoa) gurutzatu ondoren 160 arrautza jaso ditugu. Kalkula ezazu:
    a) Zenbat izango dira hego txikidun tximeletak?
    b) Harrapariek tximeleta zuri guztiak jaten badituzte zenbat tximeletak iraungo dute bizirik?
    c) Aurreko kasua egia balitz zein izango litzateke tximeleta mota honen etorkizuna?
    d) Harrapariek tximeleta beltzak bakarrik jango balituzte egoera berdina izango zen? Zergatik?
    e) Zenbat tximeleta izango dira heterozigotoak bi ezaugarrietarako? 

Wednesday, November 21, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (1)

Genetikaren inguruko hainbat ariketa dituzu hemen.

1) Bildotsen artile beltza alelo azpirakor bati dagokio. Ahari zuria eta ardi beltza gurutzatzean bildots beltza izan dute. Zein genotipo zeukan guraso bakoitzak? 


2) Zurtoin luzeko landare heterozigotikoa zurtoin motzeko landare homozigotikoarekin gurutzatu dugu. Jakinik zurtoin luzea motzarekiko gainartzailea dela, zein izango da ondorengoen genotipoa eta fenotipoa?

3) Mendelek erakutsi zuen Pisum sativum ilarretan kolore horia berdearekiko gainartzailea zela. Ilarrekin hainbat saio egin ondoren honako emaitza hauek lortu ditugu. Saia zaitez kasu bakoitzean gurasoen genotipoa zehazten:
   a) Horia x Berdea = 66 hori eta 63 berde
   b) Horia x Horia = 105 hori
   c) Horia x Horia = 93 hori eta 30 berde
   d) Berdea x Berdea = 87 berde
   e) Horia x Berdea = 102 hori

4) "A" sagu zuria sagu beltz batekin gurutzatu dugu eta beren ondorengo guztiak zuriak izan dira. "B" sagu zuria ere sagu beltz batekin gurutzatu dugu baina oraingoan 5 sagutxo zuri eta 5 beltz izan dituzte. Zein da "A" eta "B" saguen genotipoa?

5) Bi euli beltz gurutzatu ditugu eta beren ondorengoen artean 216 euli beltz eta 72 marroi atera dira. Zein izango da gurasoen eta ondorengoen genotipoa?

6) Begi gorridun untxia eta begi beltzduna gurutzatu ditugu. Begi gorrien aleloa azpirakorra bada ere izan duten lehen kumea horrelakoa atera zaie.
a) Zein da gurasoen genotipoa?
b) 12 kume izaten badituzte, zenbatek izango dituzte begi gorriak?
c) Posible al da begi beltzdun kume homozigotiko bat edukitzea?

Friday, November 16, 2012

Batxi 1: Bio. Izaki zelulabakar eta zelulanitzak

Hemen dituzue hainbat izaki txikiren argazkiak; Diatomea, Streptococcus, Euglena, kopepodoa eta Volvox. Esan ezazu bakoitzari buruz zer diren:
- Izaki zelulabakar askeak
- Izaki zelulabakarren koloniak
- Izaki zelulanitzak







Wednesday, November 14, 2012

DBH 1: Animalia motak














Hemen duzue Bob Esponjaren koadrila guztia. Zein animalia motari dagokio bakoitza?
- Karramarro jauna
- Kattalingorri
- Bob Esponja
- Olagardo
- Patrizio Izar
- Gari
- Marmoka
...eta azkenik Plankton daukagu. Hau ez da animalia, baina zer da?

Monday, November 12, 2012

DBH 4/Batxi 1: Zelularen gurutzegrama

Hona hemen zelularen inguruko gurutzegrama.

BERTIKALAK:
1) Proteinak sintetizatu eta garraiatzen dituen organuluaren siglak.
2) Obuluak sortzen dituen gizakia.
3) Arnasketa zelularraren atala, zitoplasman burutzen dena.
5) Calvinen zikloan CO2 finkatzen duen entzima.
6) Ondoz ondoko bi zelula elkarturik mantentzen dituen egitura.
7) Krebsen zikloa burutzen duen organulua.
10) Txanpon energetiko unibertsala.
12) Birusaren zikloetako bat, zelula ostalaria hiltzen ez duena.
14) Azido nukleikoen base nitrogenatuetako bat, purinatik eratorria dena.
16) ADNak ez daukan base nitrogenatua.
19) Krebsen zikloan lortzen den molekula energetiko bat.
20) Beren artean hiru lotura eratzen dituzten base nitrogenatuen hizkiak.
21) Tilakoideen multzoa.
23) Kode genetikoan CAU hirukoteari dagokion aminoazidoaren akronimoa.
25) Nork ez dizu inoiz Y kromosomarik emango?
28) Zianobakterioek ez dute kloroplastorik, baina fotosintesia egiten al dute?

HORIZONTALAK:
3) Mitokondriaren barne mintzaren tolestura (artikulurik gabe).
4) Calvinen zikloa gertatzen den kloroplastoaren aldea.
8) Hidrogenoak ur molekulen artean eratzen duen egitura.
9) Meiosian kromatiden arteko elkargurutzaketa gertatzen den puntua.
11) Hezurra jaten duen zelula (artikulurik gabe).
13) Zelulak kanpotik likidoa barneratzen dueneko prozesua.
15) Aminoazidoen sekuentzia abiarazten duen aminoazidoaren akrominoa.
17) Espermatozoideak daukan dotazio genetikoa zelula somatiko batekin alderatuta.
18) Zelulatik sustantziak kanporatzen dituen organulua.
22) Fotosintesiaren argitako fasean lortzen den molekula energetikoetako bat.
23) Informazio genetikoaren unitatea.
26) Kode genetikoan GCA hirukoteari dagokion aminoazidoaren akronimoa.
27) Azido zitrikoaren zikloa.
29) Kromatidak banatzen direneko mitosiaren fasea.
30)  Animalia zeluletan txikiak dira, landare zeluletan aldiz handiak.

Thursday, November 8, 2012

DBH 3/4: Arrautzak (sukaldea eta kimika)

Hemen duzue Robin Food saioaren atal bat. Bertan David de Jorgek Idoia Mujika kimikaria gonbidatu du eta arrautzen inguruan mintzatu dira. Davidek berak arrautzak oinarri dituen bi jaki prestatu ditu eta Idoiak kimikaren aldetik azaldu du arrautzekin gertatzen dena. Horretaz gain "gomazko arrautzak", "arrautzak azido klorhidriko erara" eta "souffle kimikoa" egin ditu Idoiak.


Wednesday, October 31, 2012

DBH 4/ Batxi 1: Biologia. Kariotipoa osatu

Hemen duzue giza kariotipoa osatzeko ariketa on bat. Lourdes Luengok bere blogerako egindako ariketa da. Goikaldean kromosoma homologo bakarra dago eta azpikaldean bakoitzaren bikoteak desordenaturik daude.
Ea gai zareten kromosoma homologatuak parekatzeko. Klikatu irudian eta ekin lanari:

Sunday, October 28, 2012

DBH 4: Biologia. ADNaren transkripzioa eta ARNaren itzulpena

Hemen dituzue bi bideo. Ingelesez daude, sentitzen dut, baina irudiek oso ongi erakusten dituzte prozesuak.

Lehenengo bideoak ADNaren transkripzioa nola gertatzen den erakusten du.











Bigarrenean erribosoma ARN mezularia itzultzen ikusten da.


Wednesday, October 24, 2012

Batxi 1: Bio. XVIVO proiektua

Harvard unibertsitateko XVIVO proiektuak zientziaren inguruko animazioak egitea du helburu. Zelula inoiz ikusi ez den bezala agertzen dute bideoek, nik behintzat ez dut inoiz horrelakorik ikusi eta izugarri gustatu zaizkit. Adibide pare bat erakutsiko dizkizuet:

Hemen duzue leukozito baten barne funtzionamendua azaltzen duen 8 minutuko animazioa.












Bigarren bideoan mitokondia baten funtzionamendua ageri da.



Friday, October 19, 2012

DBH 3: Natura. Gosari osasuntsua.

Joseba eta Aitor eskolako patio orduan elkartu dira eta bakoitzak besteari egunero zer gosaltzen duen kontatu dio.

Josebaren gosaria:
- Esne katilukada (litro 1/4a) 
- Bi Cola Cao goilarakadakin (bakoitzak 15 gramo)
- Hiru Digestive gaileta (bakoitzak 15 gramo)
- Laranja zuku basokada bat (litro 1/3a)

Aitorren gosaria:
- Coca Cola lata bat
- Bi Bollycao (bakoitzak 67 gramo)

Azter ezazu bakoitzaren gosaria. Hauetako osagai bakoitzeko hartzen dituzten kopuruak kontutan hartuz esan ezazu zein gosari den bietan osasuntsuena.
- Gluzidoak (karbohidratoak)
- Lipidoak (koipeak)
- Proteinak
- Bitaminak
- Kaltzioa
- Fosforoa
- Potasioa
- Ura

Monday, October 15, 2012

Batxi 1: Bio. Zelularen funtzionamenduaren bideoak

Hemen dituzue zelularen funtzionamendua erakusten duten bi bideo. Lehenengoan ameba bakteria bat fagozitatzen ikusten da eta bigarrenean mintz plasmatikoaren funtzionamendua. Klikatu irudietan bideoak ikusteko.



Monday, October 8, 2012

DBH 4: Biologia. Zelulen mikrografiak (3)

Hona hemen hainbat zelularen mikrografiak (klikatu irudietan handiago ikusteko). Baditugu:  
- osteozitoa
- linfozitoa
- kapilareetako zelula
- basofiloa
- adipozitoa
- eosinofiloa.
Zoritxarrez post hau argitaratzeko unean desordenatu egin zaizkit. Esango didazu zein den zein?
Ondoren azter ezazu zelula bakoitza eta lotu ezazu bakoitzaren itxura betetzen duten funtzioarekin.







Friday, October 5, 2012

DBH 3/4: Biologia. Zelulen mikrografiak (2)

Hemen dituzue zelulen atalen mikrografiak (klikatu argazkian handiago ikusteko). Ea denak identifikatzen dituzuen.













Wednesday, October 3, 2012

Batxi 1: Biologia. Biomolekulen tangrama

Hemen dituzen hainbat irudi. Bakoitzak molekula bat irudikatzen du, erraz aurkituko dituzue liburuetan agertzen diren irudiekiko antzekotasunak. Ea gai zareten tangrama bezala erabiliz ondorengo molekulak osatzeko:
- Sakarosa
- Fosfolipidoa
- ATP
- Argizaria
- Maltosa


Tuesday, October 2, 2012

Batxi 1: Biologia. Helize itxura

Hemen dituzue helize itxurako bi molekula. Aipa itzazu beraz bien artean dituzten antzekotasunak eta desberdintasunak: