Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Thursday, April 7, 2011

MGZ: Gizakiak eragindako katastrofeak (2. zatia)

Aurreko ariketan gizakiak eragindako katastrofe batzuk aztertu dituzue eta horrela Prypiat, Potosí eta Moynaq herrien inguruko informazioa bilatu behar izan duzue. Hemen duzue orain hiru herri horien inguruko erreportai bana.

Chernobyl R4 and Ghost Town of Pripyat: Txernobil eta Prypiat 23 urte pasa ondoren gazte batzuek bertan grabaturiko 6 minutuko bideotxoa da.

Mineritos.org: Ander Izagirre kazetariak Potosíko haur meatzarien inguruko erreportaia egin zuen. Izenean klikatuz bere blogean sartuko zarete eta bost minutuko erreportaitxo hau ikusiko duzue.

Aral, el mar perdido: Isabel Coixet zine zuzendariak Aral itsasoaren desagerpenaren inguruan eginiko ordu erdiko dokumentala da.

Tuesday, April 5, 2011

MGZ: Gizakiak sorturiko katastrofeak

Hemen dituzue hiru izen. Munduaren toki desberdinetako herrien izenak dira. Hiru herrietan katastrofe ekologikoak eta ondorioz katastrofe humanitarioak gertatu dira, eta denetan gizakiaren jarduera izan da erruduna.

Bila ezazu toki bakoitzari buruzko informazioa eta esan ezazu zer gertatu zen, zergatik, zein izan zen prozesua, zertan eragin zuen gizakiak eta zein ondorio ekologiko eta humanitario izan dituen gertaturikoak.

Hauek dira hiru herriak:

Pripyat (Ukraina)
Potosí (Bolibia)
Moynaq (Uzbekistan)

Monday, April 4, 2011

MGZ: Avatar galdetegiaren ondoren hainbat kontu

Avatar filmari buruzko galdetegian agertu diren hainbat kontzepturen inguruan informazio gehiago biltzeko hemen dituzue erlazionaturiko hiru bideo:



Avatar: La luna habitada de Pandora (RTVE.es)
El Coltan (José Ferraz)
Qué es el Chamanismo (Helen Flix)

Sunday, April 3, 2011

MGZ: Lurrean ere "Avatar" filma ugari daude

Hona hemen Indiako ekialdeko Dongria Kondh leinuak Vedanta enpresarekin daukan auzia azaltzen duen bideotxoa. Survival International erakundeak egindakoa da.
La mina, historia de una montaña sagrada.

Saturday, April 2, 2011

Berria: Virgin Oceanic proiektua

Richard Branson izugarri aberatsa da. Virgin enpresaren jabea da. Virgin taldea musikarekin lotzen badugu ere, tren konpainiak, kostu baxuko hegazkin konpañia ugari eta Formula 1eko eskuderia ere badu.
Orain bi proiektutan murgildu da: Virgin Galactic, espaziora bidai turistikoak egingo dituen espazio-ontzia, eta Virgin Oceanic, Planetako bost ozeanotako punturik sakonenetara joango den itsaspekoa. 1960. urtean Trieste itsaspekoa Marianetako Fosaren barrenera iritsi zen, 11.000 metroko sakonerara, baina Virgin Oceanic itsaspekoaren barnean Richard bera joango da. Berak dioenez pertsona gehiago egon dira Ilargian itsasoan 6000 metroko sakoneran baino.
Itsaspekoa Graham Hawkes-ek diseinatu du eta bi pilotu izango ditu; Chris Welsh eta esan bezala Richard Branson bera. Bide batez lagin zientifikoak hartuko dituzte eta bizidun berriak aurkituko dituztelakoan daude.
Klikatu hemen proiektuaren aurkezpen trailerra ikusteko.

Monday, March 28, 2011

MGZ: Avatar filmaren galdetegia

Hemen duzue Avatar filmearen inguruko galdetegia. Galdera batzuen erantzuna filman bertan aurkituko duzue baina beste batzuk erantzuteko garunak pixka bat nekatu beharko dituzue. On egin!

1) Pandora bizidunak dauden planeta urruna da eta bertan Na'vi izeneko gizaki itxurako aborigenak bizi dira. Esaldi honetan badago akats bat, zein da?

2) Neytirik Jake salbatzen duenean ez ditu honen eskerrak onartzen eta txakurrak hiltzearen erruduna bera izan dela dio. Zergatik?

3) Jake Sully Pandorara iritsi aurretik gizakiak saiatu izan dira Na'viekin negoziatzen. Eskola bat ireki zuten eta botikak eta errepideak eskaini zizkieten, baina Na'viek ez zuten horrelakorik onartu. Zergatik?

4) Na'viek lau hatz dituzte eta Avatarrek bost. Efekto espezialak egiten dituztenen akatsa izango da ala badago hau azaltzen duen arrazoi zientifikoren bat?

5) Jake Sully Na'viengana iristerakoan Neytiriren amak esaten dio “Es imposible llenar taza que está llena”. Zergatik esaten dio hori?

6) Gauez Pandorako bizidunek argia sortzen dute. Zein da fenomeno honen izen zientifikoa? Aipa itzazu gure planetan aurki daitezkeen adibide pare bat.

7) Pandorako bizidun guztiak elkar komunikaturik daude eta arimen zuhaitzean guztien oroitzapenak gordetzen dira, baita hilda daudenenak ere. Zeren antza du honek?

8) Guztiok emozionatu gara bukaeran, baina zure ustez filmea ongi bukatzen da? Hau da, nork komeniko litzateke irabaztea, gizakiek ala Na'viek?

9) Imagina ezazu Pandorako kasua Lurrean gertatzen dela, hau da, Afrikako oihanean mineral oso garrantzitsu bat aurkitzen dutela (deitu diezaiogun adibidez “coltan”) eta mineral horrek gure bizimodua hobetzeko balio duela. Ziurrenik mineral horren gainean oihan tropikala egongo da eta animalia eta gizakiak biziko dira bertan. Kasu honetan noren alde egongo zinateke, minerala aterako dutenen alde ala bertan bizi diren aborigenen alde? Arrazoitu erantzuna.

10) Txamanak, naturarekiko armonia, oreka... Gaur egun horrelako jenderik badago Lurrean? Non? Europan aspaldi horrelako leinurik egon zen?

Wednesday, March 16, 2011

HIPI: Main tummein chahta hoon

Urola ikastolako pakistandarrek "Maite zaitut" kanta urduz abestua.


Sunday, March 13, 2011

Berria: First Lego League txapelketa

Leioako EHUren kanpusean, Estatuko "First Lego League" txapelketaren finala jokatu da larunbat honetan. Aurtengo edizioan biomedikuntza gaiaren inguruan lan egingo duten errobotak aurkeztu dira. Parte hartzaileak taldeka aritu dira eta beren adina 9 eta 16 urte artekoa izan da.
Guztira Estatuko 32 taldek hartu dute parte eta tartean 5 euskaldunak izan dira; lau gipuzkoarrak, Axular (Donostia), Leintz-Gatzaga, Arizmendi (Debagoiena) eta La Salle Berrozpe (Andoain), eta bakarra bizkaitarra, Loiuko Lauro ikastola.

Hau izan da 2011 urteko palmaresa:
* Irabazle absolutua: The Santperencs (Bartzelona)
* Proiektu Zientifiko onena: Overclock Axular (Donostia)
* Proiektu Tekniko onena: Pim Pam La Vall (Bartzelona)
* Robotaren puntuazio onena (lehiaketa mahaian): Cupiana (Malaga)
* Talde lan onena: Laurobang (Loiu, Bizkaia)
* Entrenatzaile onena: Edorta Arana (Leintz-Gatzaga)

Irabazle izan diren The Santperencs kataluniarren proiektua beso mekaniko robotizatu bat izan da. Hemen duzue beren aurkezpena (katalanez).
Donostiarrek aurkezturiko proiektuak berriz ikusmen arazoak dituen jendeari eraikin ezezagunetan orientatzen laguntzea izan du helburu. Hemen duzue beren aurkezpena (euskaraz).

Thursday, March 10, 2011

Berria: Arabar Errioxa zebra muskuiluarekin borrokan

Arabar Errioxak Ebro ibaiaren inguruan dituen ur araztegiak berritzeari ekin dio, jadanik kalteak sortzen ari den zebra muskuiluari (Dreissena polymorpha) aurre egiteko. Berriztu duten lehenengo araztegia Oiongoa izan da. 50 mikratako zabalera duten iragazkiak ipini dituzte. Gaur bertan, martxoaren 10.ean, inauguratu dute iragaztegi berria (ikus irudia). Hurrengo asteetan irekiko dira Mainueta eta Lapueblako araztegiak ere.