Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Friday, November 23, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (2)

Bi karaktere kontutan hartzen dituzten genetika ariketak dituzu jarraian.

1) Laborategi batean 48 akuri aurkitu ditugu. Hauetako 9 beltzak eta belarri luzeak dira, 27 zuriak eta belarri luzeak, 3 beltzak eta belarri motzak eta 9 zuriak eta belarri motzak. Zeintzu alelo dira gainartzaileak eta zeintzu azpirakorrak? 

2) Armiarma beltz (heterozigotikoa) eta iletsua eta armiarma marroi eta biluzia (heterozigotikoa) gurutzatu eta 80 arrautza jarri zituzte. Jakinik kolore beltza eta biluziak izatea gainartzaileak direla, kalkula ezazu:
    a) Zenbat armiarma iletsu jaioko dira?
    b) Zenbat armiarma izango dira marroiak eta biluziak?
    c) Zenbat armiarma izango dira homozigotikoak bi karaktereentzako?


3) Bi aldiz gurutzatu ditugu sagu zuri begi marroiduna (AABb) eta sagu zuri begi gorriduna (Aabb). Lehenengo aldian 14 kume izan dituzte eta bigarrenean 18.
    a) Zenbat kume gris izan dituzte guztira?
    b) Zenbat kumek ez dute begi marroirik edukiko?
    c) Zenbat kume izango dira heterozigotikoak bi ezaugarriekiko?

4) Erle hori eta hegalmotza (bi ezaugarriak heterozigotikoak) eta erle hori (heterozigotiko) eta hegal luzeduna (homozigotikoa) gurutzatu dira.
    a) Zein alelo izango dira gainartzaileak?
    b) Zein izango da ondorengoen artean erle beltzak izateko probabilitatea? 
    c) Zenbat erle hori hegal luze jaioko dira?

5) Tximeleta baten alelo dominanteak hego handiak eta zuriak dira. Tximeleta zuri hego handiduna (bietan hetero zigotikoa) tximeleta beltz eta hego handidunarekin (heterozigotikoa) gurutzatu ondoren 160 arrautza jaso ditugu. Kalkula ezazu:
    a) Zenbat izango dira hego txikidun tximeletak?
    b) Harrapariek tximeleta zuri guztiak jaten badituzte zenbat tximeletak iraungo dute bizirik?
    c) Aurreko kasua egia balitz zein izango litzateke tximeleta mota honen etorkizuna?
    d) Harrapariek tximeleta beltzak bakarrik jango balituzte egoera berdina izango zen? Zergatik?
    e) Zenbat tximeleta izango dira heterozigotoak bi ezaugarrietarako? 

Wednesday, November 21, 2012

DBH 4: Genetika ariketak (1)

Genetikaren inguruko hainbat ariketa dituzu hemen.

1) Bildotsen artile beltza alelo azpirakor bati dagokio. Ahari zuria eta ardi beltza gurutzatzean bildots beltza izan dute. Zein genotipo zeukan guraso bakoitzak? 


2) Zurtoin luzeko landare heterozigotikoa zurtoin motzeko landare homozigotikoarekin gurutzatu dugu. Jakinik zurtoin luzea motzarekiko gainartzailea dela, zein izango da ondorengoen genotipoa eta fenotipoa?

3) Mendelek erakutsi zuen Pisum sativum ilarretan kolore horia berdearekiko gainartzailea zela. Ilarrekin hainbat saio egin ondoren honako emaitza hauek lortu ditugu. Saia zaitez kasu bakoitzean gurasoen genotipoa zehazten:
   a) Horia x Berdea = 66 hori eta 63 berde
   b) Horia x Horia = 105 hori
   c) Horia x Horia = 93 hori eta 30 berde
   d) Berdea x Berdea = 87 berde
   e) Horia x Berdea = 102 hori

4) "A" sagu zuria sagu beltz batekin gurutzatu dugu eta beren ondorengo guztiak zuriak izan dira. "B" sagu zuria ere sagu beltz batekin gurutzatu dugu baina oraingoan 5 sagutxo zuri eta 5 beltz izan dituzte. Zein da "A" eta "B" saguen genotipoa?

5) Bi euli beltz gurutzatu ditugu eta beren ondorengoen artean 216 euli beltz eta 72 marroi atera dira. Zein izango da gurasoen eta ondorengoen genotipoa?

6) Begi gorridun untxia eta begi beltzduna gurutzatu ditugu. Begi gorrien aleloa azpirakorra bada ere izan duten lehen kumea horrelakoa atera zaie.
a) Zein da gurasoen genotipoa?
b) 12 kume izaten badituzte, zenbatek izango dituzte begi gorriak?
c) Posible al da begi beltzdun kume homozigotiko bat edukitzea?

Friday, November 16, 2012

Batxi 1: Bio. Izaki zelulabakar eta zelulanitzak

Hemen dituzue hainbat izaki txikiren argazkiak; Diatomea, Streptococcus, Euglena, kopepodoa eta Volvox. Esan ezazu bakoitzari buruz zer diren:
- Izaki zelulabakar askeak
- Izaki zelulabakarren koloniak
- Izaki zelulanitzak







Wednesday, November 14, 2012

DBH 1: Animalia motak














Hemen duzue Bob Esponjaren koadrila guztia. Zein animalia motari dagokio bakoitza?
- Karramarro jauna
- Kattalingorri
- Bob Esponja
- Olagardo
- Patrizio Izar
- Gari
- Marmoka
...eta azkenik Plankton daukagu. Hau ez da animalia, baina zer da?

Monday, November 12, 2012

DBH 4/Batxi 1: Zelularen gurutzegrama

Hona hemen zelularen inguruko gurutzegrama.

BERTIKALAK:
1) Proteinak sintetizatu eta garraiatzen dituen organuluaren siglak.
2) Obuluak sortzen dituen gizakia.
3) Arnasketa zelularraren atala, zitoplasman burutzen dena.
5) Calvinen zikloan CO2 finkatzen duen entzima.
6) Ondoz ondoko bi zelula elkarturik mantentzen dituen egitura.
7) Krebsen zikloa burutzen duen organulua.
10) Txanpon energetiko unibertsala.
12) Birusaren zikloetako bat, zelula ostalaria hiltzen ez duena.
14) Azido nukleikoen base nitrogenatuetako bat, purinatik eratorria dena.
16) ADNak ez daukan base nitrogenatua.
19) Krebsen zikloan lortzen den molekula energetiko bat.
20) Beren artean hiru lotura eratzen dituzten base nitrogenatuen hizkiak.
21) Tilakoideen multzoa.
23) Kode genetikoan CAU hirukoteari dagokion aminoazidoaren akronimoa.
25) Nork ez dizu inoiz Y kromosomarik emango?
28) Zianobakterioek ez dute kloroplastorik, baina fotosintesia egiten al dute?

HORIZONTALAK:
3) Mitokondriaren barne mintzaren tolestura (artikulurik gabe).
4) Calvinen zikloa gertatzen den kloroplastoaren aldea.
8) Hidrogenoak ur molekulen artean eratzen duen egitura.
9) Meiosian kromatiden arteko elkargurutzaketa gertatzen den puntua.
11) Hezurra jaten duen zelula (artikulurik gabe).
13) Zelulak kanpotik likidoa barneratzen dueneko prozesua.
15) Aminoazidoen sekuentzia abiarazten duen aminoazidoaren akrominoa.
17) Espermatozoideak daukan dotazio genetikoa zelula somatiko batekin alderatuta.
18) Zelulatik sustantziak kanporatzen dituen organulua.
22) Fotosintesiaren argitako fasean lortzen den molekula energetikoetako bat.
23) Informazio genetikoaren unitatea.
26) Kode genetikoan GCA hirukoteari dagokion aminoazidoaren akronimoa.
27) Azido zitrikoaren zikloa.
29) Kromatidak banatzen direneko mitosiaren fasea.
30)  Animalia zeluletan txikiak dira, landare zeluletan aldiz handiak.

Thursday, November 8, 2012

DBH 3/4: Arrautzak (sukaldea eta kimika)

Hemen duzue Robin Food saioaren atal bat. Bertan David de Jorgek Idoia Mujika kimikaria gonbidatu du eta arrautzen inguruan mintzatu dira. Davidek berak arrautzak oinarri dituen bi jaki prestatu ditu eta Idoiak kimikaren aldetik azaldu du arrautzekin gertatzen dena. Horretaz gain "gomazko arrautzak", "arrautzak azido klorhidriko erara" eta "souffle kimikoa" egin ditu Idoiak.


Wednesday, October 31, 2012

DBH 4/ Batxi 1: Biologia. Kariotipoa osatu

Hemen duzue giza kariotipoa osatzeko ariketa on bat. Lourdes Luengok bere blogerako egindako ariketa da. Goikaldean kromosoma homologo bakarra dago eta azpikaldean bakoitzaren bikoteak desordenaturik daude.
Ea gai zareten kromosoma homologatuak parekatzeko. Klikatu irudian eta ekin lanari:

Sunday, October 28, 2012

DBH 4: Biologia. ADNaren transkripzioa eta ARNaren itzulpena

Hemen dituzue bi bideo. Ingelesez daude, sentitzen dut, baina irudiek oso ongi erakusten dituzte prozesuak.

Lehenengo bideoak ADNaren transkripzioa nola gertatzen den erakusten du.











Bigarrenean erribosoma ARN mezularia itzultzen ikusten da.


Wednesday, October 24, 2012

Batxi 1: Bio. XVIVO proiektua

Harvard unibertsitateko XVIVO proiektuak zientziaren inguruko animazioak egitea du helburu. Zelula inoiz ikusi ez den bezala agertzen dute bideoek, nik behintzat ez dut inoiz horrelakorik ikusi eta izugarri gustatu zaizkit. Adibide pare bat erakutsiko dizkizuet:

Hemen duzue leukozito baten barne funtzionamendua azaltzen duen 8 minutuko animazioa.












Bigarren bideoan mitokondia baten funtzionamendua ageri da.



Friday, October 19, 2012

DBH 3: Natura. Gosari osasuntsua.

Joseba eta Aitor eskolako patio orduan elkartu dira eta bakoitzak besteari egunero zer gosaltzen duen kontatu dio.

Josebaren gosaria:
- Esne katilukada (litro 1/4a) 
- Bi Cola Cao goilarakadakin (bakoitzak 15 gramo)
- Hiru Digestive gaileta (bakoitzak 15 gramo)
- Laranja zuku basokada bat (litro 1/3a)

Aitorren gosaria:
- Coca Cola lata bat
- Bi Bollycao (bakoitzak 67 gramo)

Azter ezazu bakoitzaren gosaria. Hauetako osagai bakoitzeko hartzen dituzten kopuruak kontutan hartuz esan ezazu zein gosari den bietan osasuntsuena.
- Gluzidoak (karbohidratoak)
- Lipidoak (koipeak)
- Proteinak
- Bitaminak
- Kaltzioa
- Fosforoa
- Potasioa
- Ura