Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Monday, March 28, 2011

MGZ: Avatar filmaren galdetegia

Hemen duzue Avatar filmearen inguruko galdetegia. Galdera batzuen erantzuna filman bertan aurkituko duzue baina beste batzuk erantzuteko garunak pixka bat nekatu beharko dituzue. On egin!

1) Pandora bizidunak dauden planeta urruna da eta bertan Na'vi izeneko gizaki itxurako aborigenak bizi dira. Esaldi honetan badago akats bat, zein da?

2) Neytirik Jake salbatzen duenean ez ditu honen eskerrak onartzen eta txakurrak hiltzearen erruduna bera izan dela dio. Zergatik?

3) Jake Sully Pandorara iritsi aurretik gizakiak saiatu izan dira Na'viekin negoziatzen. Eskola bat ireki zuten eta botikak eta errepideak eskaini zizkieten, baina Na'viek ez zuten horrelakorik onartu. Zergatik?

4) Na'viek lau hatz dituzte eta Avatarrek bost. Efekto espezialak egiten dituztenen akatsa izango da ala badago hau azaltzen duen arrazoi zientifikoren bat?

5) Jake Sully Na'viengana iristerakoan Neytiriren amak esaten dio “Es imposible llenar taza que está llena”. Zergatik esaten dio hori?

6) Gauez Pandorako bizidunek argia sortzen dute. Zein da fenomeno honen izen zientifikoa? Aipa itzazu gure planetan aurki daitezkeen adibide pare bat.

7) Pandorako bizidun guztiak elkar komunikaturik daude eta arimen zuhaitzean guztien oroitzapenak gordetzen dira, baita hilda daudenenak ere. Zeren antza du honek?

8) Guztiok emozionatu gara bukaeran, baina zure ustez filmea ongi bukatzen da? Hau da, nork komeniko litzateke irabaztea, gizakiek ala Na'viek?

9) Imagina ezazu Pandorako kasua Lurrean gertatzen dela, hau da, Afrikako oihanean mineral oso garrantzitsu bat aurkitzen dutela (deitu diezaiogun adibidez “coltan”) eta mineral horrek gure bizimodua hobetzeko balio duela. Ziurrenik mineral horren gainean oihan tropikala egongo da eta animalia eta gizakiak biziko dira bertan. Kasu honetan noren alde egongo zinateke, minerala aterako dutenen alde ala bertan bizi diren aborigenen alde? Arrazoitu erantzuna.

10) Txamanak, naturarekiko armonia, oreka... Gaur egun horrelako jenderik badago Lurrean? Non? Europan aspaldi horrelako leinurik egon zen?

Wednesday, March 16, 2011

HIPI: Main tummein chahta hoon

Urola ikastolako pakistandarrek "Maite zaitut" kanta urduz abestua.


Sunday, March 13, 2011

Berria: First Lego League txapelketa

Leioako EHUren kanpusean, Estatuko "First Lego League" txapelketaren finala jokatu da larunbat honetan. Aurtengo edizioan biomedikuntza gaiaren inguruan lan egingo duten errobotak aurkeztu dira. Parte hartzaileak taldeka aritu dira eta beren adina 9 eta 16 urte artekoa izan da.
Guztira Estatuko 32 taldek hartu dute parte eta tartean 5 euskaldunak izan dira; lau gipuzkoarrak, Axular (Donostia), Leintz-Gatzaga, Arizmendi (Debagoiena) eta La Salle Berrozpe (Andoain), eta bakarra bizkaitarra, Loiuko Lauro ikastola.

Hau izan da 2011 urteko palmaresa:
* Irabazle absolutua: The Santperencs (Bartzelona)
* Proiektu Zientifiko onena: Overclock Axular (Donostia)
* Proiektu Tekniko onena: Pim Pam La Vall (Bartzelona)
* Robotaren puntuazio onena (lehiaketa mahaian): Cupiana (Malaga)
* Talde lan onena: Laurobang (Loiu, Bizkaia)
* Entrenatzaile onena: Edorta Arana (Leintz-Gatzaga)

Irabazle izan diren The Santperencs kataluniarren proiektua beso mekaniko robotizatu bat izan da. Hemen duzue beren aurkezpena (katalanez).
Donostiarrek aurkezturiko proiektuak berriz ikusmen arazoak dituen jendeari eraikin ezezagunetan orientatzen laguntzea izan du helburu. Hemen duzue beren aurkezpena (euskaraz).

Thursday, March 10, 2011

Berria: Arabar Errioxa zebra muskuiluarekin borrokan

Arabar Errioxak Ebro ibaiaren inguruan dituen ur araztegiak berritzeari ekin dio, jadanik kalteak sortzen ari den zebra muskuiluari (Dreissena polymorpha) aurre egiteko. Berriztu duten lehenengo araztegia Oiongoa izan da. 50 mikratako zabalera duten iragazkiak ipini dituzte. Gaur bertan, martxoaren 10.ean, inauguratu dute iragaztegi berria (ikus irudia). Hurrengo asteetan irekiko dira Mainueta eta Lapueblako araztegiak ere.

Tuesday, March 8, 2011

MGZ: AHTren inguruko lanak

Honako puntu hauek izan behar ditu Abiadura Handiko Trenari buruz egingo duzuen lanak:



1) Zer da AHT?
2) Zeintzuk dira datu garrantzitsuenak? (kostoa, kilometro kopurua, datak...)
3) Zein da proposaturiko ibilbidea?
4) Ibilbide alternatiborik proposatu izan da? edo beste tren motarik? edo beste garraiobideren bat?
5) AHT eraikitzearen aldeko argudioak.
6) AHTren kontrako argudioak.

Monday, March 7, 2011

Berria: Kilauea sumendia Hawaiien

Hawaii irletako Kilauea sumendiak 28 urte darama etengabe lur barneko materiala ateratzen. Asteburu honetan ordea Pu'u'O'o kraterra behera erori da eta sorturiko arrakalatik laba kopuru itzelak atera dira, inguruan zeuden basoak kiskaliz. 1.100 metrotako altueran kraterrak 165 metrotako sakonera du eta inguruan jenderik bizi ez bada ere "Hawaiiko Sumendien Parke Nazionala" itxi egin dute zientzialarien aholkuei jarraiki.
Klikatu irudietan eta sumendiaren jarduera ikusiko duzue.

Thursday, March 3, 2011

MGZ: Zientzia zineman (5)

Gai berria hasteko HOME filma ikusi dugu. Irudi espektakular ugari gure planeta zaindu beharra daukagula ohartzeko, eta bukaeran datu ugari gure kontzientzietan lurrikara sortzeko.

Iraitzek Al Goreren "Una verdad incómoda" gomendatu dit, eta Beñatek balizko etorkizun batean kokaturiko "Wonderful days" korearra. Klikatu izenburuetan filmeen trailerrak ikusteko.

Eskerrikasko bioi.

Nik beste filme bat gehitu nahi dut: Hayao Miyazakiren "Chihiroren bidaia". Ekologiaren gaia lantzen du era oso xamurrean. Filme honek ere badu beste berezitasun bat, euskaraz estreinatu zen espainolez baino lehenago. Tankerakoa da zuzendari beraren "Mononoke printsesa".