1) Kobre sulfatoaren kristalizazioa.
2) Iodoaren sublimazioa.
3) Filtrazioa.
4) Gomazko arrautzak.
5) Arrautzak uretan flotatzen du?
6) Mezu sekretua.
7) Lata lasterketa.
8) Estalaktitak egiten.
9) Herdoila kentzeko onena.
10) Sagarraren oxidazioa.
11) Izotza urtzen.
12) Olio izoztuaren ezaugarriak.
13) Azukrearen disoluzio saturatua.
14) Bustitzen ez den papera.
15) Dilista dantzariak.
16) Kortxoa hondora doa.
17) Ura edateko bi lastotxo? Baita zera ere.
18) Zerez eginak daude txanponak eta giltzak?
19) Izotzarentzako berokirik egokiena.
20) Saihodietan ostadarra.
21) Zenbat diru behar da urari irabazteko?
22) Gora olioa! Behera ura!
23) Edalontzien lapurra.
24) Paperezko panpinen zirkoa.
25) Lata ekilibrista.
1) Kobre sulfatoaren kristalizazioa.
Materiala:- Kobre II Sulfatoa.
- Ura.
- Prezipitatu ontzia.
- Hagatxoa.
- Kristalizatzailea.
- Bunsen metxeroa.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean kobre sulfatoa disolbatu uretan. Horretarako ura berotu egingo dugu.
Hurrengo egunerako utziko dugu apal batean ura lurrundu dadin, eta kobre sulfatozko kristalak agertuko dira.
2) Iodoaren sublimazioa.
Materiala: - Iodo hautsa.
- Prezipitatu ontzia.
- Erloju beira.
- Bunsen metxeroa.
Prozedura:
Iodo hautsa ezarri prezipitatu ontzian, gramo gutxi batzuk baino ez. Ez ukitu eskuarekin! Prezipitatu ontziaren gainean erloju beira ezarri.
Iodoa berotzerakoan sublimatu egingo da, hauts grisa gas more-arroxa bihurtuko da. Ondoren sua itzali eta izotz zati bat ezarri erloju beiraren gainean. Berehala gasa hoztu egingo da eta iodoa erloju beiran kristalizatuko da berriro.
3) Filtrazioa.
Materiala: - Harea.
- Ura.
- Prezipitatu ontzia.
- Hagatxoa.
- Inbutua.
- Filtro papera.
- Erlenmeyer matrazea.
Prozedura:
Prezipitatu ontzian 100 ml ur eta 15 gramo harea nahastu, ahal bezain ondo, hagatxoa erabiliz. Ondoren Erlenmeyer matrazean inburua filtro paperarekin ezarri eta nahastea filtratu. matrazean ura garbi eroriko da eta filtroan geldituko da harea.
4) Gomazko arrautzak.
Materiala:- Arrautza.
- Ozpina.
- Prezipitatu ontzia.
Prozedura:
Arrautza prezipitatu ontzian ezarriko dugu eta ozpinez estaliko dugu. Prezipitatu ontzi txikia erabili ozpin gehiegi behar ez izateko. Hurrengo egunean arrautza behatuko dugu. Oskola elatikoa izango da eta boteak emango ditu.
Oharrak:
Komeni da ozpina aldian aldian aldatzea.
Gela aireztatu behar da, arrautza asko erabiltzen badira ozpin usaina handia izango da.
Kontuz ibili arrautzarekin, arrautza egosia dirudien arren barnean dagoen arrautza gordinik dago.
5) Arrautzak uretan flotatzen du?
Materiala:- Arrautza.
- Gatza.
- Bi prezipitatu ontzi.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi bakoitzean 200 ml ur ezarriko ditugu baina ontzietako batean 40 gramo gatz nahastuko ditugu disoluzioa sortuz.
Ura baino ez daukan ontzian arrautza ezarriz gero urperatu egiten da, baina gatza daukan ontzian arrautzak flotatu egiten du. Disoluzioan gutxinaka ura gehitzen hasten bagara arrautza poliki beherantz joango dela ikusiko dugu.
6) Mezu sekretua.
Materiala:- Limoi zukua.
- Pintzela.
- Papera.
- Kandela eta poxpoloa.
Prozedura:
Lehenik eta behin limoi zukua urarekin diluituko dugu. Paper bat hartu eta pintzelarekin talde bakoitzak bere mezu sekretua idatziko du. Minutu batzuk itxaron beharko ditugu zukua lehortu eta erabat desager dadin.
Ondoren taldeen artean paperak trukatu eta jasotako papera kandelako suaren ondoan jarriko dugu. Komeni da papera etengabe mugitzea papera erre ez dadin.
7) Lata lasterketa.
Materiala:- Latak.
- Puxikak.
- Klera.
Prozedura:
Ikastolako patioan lasterketa egiteko pista marraztuko dugu klerarekin, gutxienez hasierako marra eta helmuga. Ondoren puxikak puztu eta jertsearekin igurtziko ditugu. Puxikak latetara hurbiltzean latak mugitzen hasten dira.
Onenak irabaz dezala!
8) Estalaktitak egiten.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blog bikainetik ateratako praktika.Materiala:
- Ura.
- Gatza.
- Edalontziak.
- Platerak.
- Kotoizko haria.
- Tuerkak.
- Bunsen metxeroa.
Prozedura:
Lehenik eta behin ur eta gatzezko disoluzio saturatua egin behar dugu. horretarako ura berotu eta ahalik eta gatz gehien disolbatuko dugu. Ondoren disoluzioa hozterakoan jalkitako gaza kenduko dugu.
Bi edalontzi eta bien artean plater bat ezarriko ditugu. Edalontziak disoluzio saturatuz bete eta bien artean kotoizko haria ezarriko dugu. Haria mugitu ez dadin, muturretan tuerkak gehituko dizkiogu.
Astebete itxaron eta gatzezko estalaktita bat eratuko dela ikusiko dugu.
Gertatzen dena da ura kapilaritatez harian zehar igotzen hasten dela eta ondoren platerera erortzen da. Berarekin batera gatza garraiatzen du eta poliki poliki gatza harian pilatuz joaten da estalaktita eratuz.
Ikus ezazue Manuel Díaz escalerak egindako bideoa (klikatu irudian).
9) Herdoila kentzeko produkturik egokiena.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika.Materiala:
- Herdoildutako txanponak.
- Prezipitatu ontziak.
- Ozpina.
- Limoi zukua.
- Kola freskagarria.
Prozedura:
Txanpon zaharrei herdoila kentzeko hiru produktu erabiliko ditugu, bakoitza prezipitatu ontzi batean sartuko dugularik. Lehenengo ontzian ozpinez estaliko dugu txanpona, bigarrenean limoi zukuz eta hirugarrenean Kola freskagarriaz. Hurrengo egunean ikusiko dugun zein den eraginkorrena.
Egin aurretik apostua!
10) Sagarraren oxidazioa.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika.Materiala:
- Sagarra.
- Labana.
- 4 Petri plaka.
- Film gardena.
- Limoi zukua.
- Izotza.
- Motrailua.
Prozedura:
10 minutu pasatzerakoan sagar zati bakoitza zenbat oxidatu den behatuko dugu eta bigarren behaketa bat egingo dugu ordu erdi igarotzerakoan.
11) Izotza urtzen.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika.Materiala:
- Hiru izotz kubotxo.
- Azukrea.
- Gatza.
- Erloju beirak.
- Matxardak.
Prozedura:
Hiru izotz kubotxo hartu eta bakoitza erloju beira batean ezarriko dugu. Lehenengo izotza azukrez estaliko dugu, bigarrena gatzez eta hirugarrena bere horretan utziko dugu. 20 minutu pasa ondoren matxardekin izotz zatiak hartu, sobera duten azukre eta gatza kendu eta behatu. Zein izango da gehien urtu den izotza?
Egin apostu!
12) Olio izoztuaren ezaugarriak.
Jakina da izotzak uretan flotatu egiten duela, izan ere urak baino dentsitate txikiagoa baitu. Berdina gertatuko al da olioarekin?Materiala:
- Bi olio izoztu kubotxo.
- Olioa.
- Ura.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 50 ml olio likido ezarri ditugu eta bertan olio izoztu kubotxo bat jarri dugu kontu handiz. Kubotxoa berehala ondoraino joan da.
Ondoren 50 ml ur zeukan prezipitatu ontzi batean ezarri dugu beste olio izoztu kubotxoa eta hau ur azalean flotatzen gelditu da.
Galderak:
- Nolakoa da olio izoztuaren dentsitatea?
13) Azukrearen disoluzio saturatua.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika.Materiala:
- Azukrea.
- Ura.
- Probeta.
- Prezipitatu ontzia.
- Goilaratxoa.
- Balantza.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 40 ml ur ezarriko ditugu eta probeta batean 40 ml azukre. Gutxinaka gutxinaka azukrea uretan disolbatzen hasiko gara. Azukre guztia uretan disolbatzen duen lehen taldea lasterketako garailea izango da.
Kontuan hartu beharreko arauak:
- goilararekin bakarrik bota daiteke azukrea.
- aurreko goilarakada erabat disolbatu artean ezin da azukrerik bota.
Galderak:
- 40 ml ur eta 40 ml azukre nahasterakoan disoluzioa 80 ml-koa da?
14) Bustitzen ez den papera.
Materiala:- Papera (egokiena sukaldeko papera).
- Prezipitatu ontzi handia eta ontzi txikia.
- Ura.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi txiki batean papera sartu eta ondo zapaldu. Ontzia ahoz behera jarri, papera erortzen ez dela baieztatu, eta urez beteta dagoen ontzi handian sartu. Kontu izan ez duela ontziak buelta eman behar. 10 segunduz bertan eduki eta berriz atera.
Galderak:
- Zergatik ez da busti papera?
15) Dilista dantzariak.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika.Materiala:
- Gasdun freskagarria (gaseosa)
- Prezipitatu ontzia.
- Dilistak. (Txokolate zatiekin ere ongi ateratzen da)
Prozedura:
Gasdun freskagarriaren 100 mililitro hartuko ditugu prezipitatu ontzi batean. 20 dilista inguru sartuko ditugu eta gora eta behera dabiltzala ikusiko dugu.
Azalpena:
Dilista ura baino dentsoagoa denez behera erortzen da. Gas burbuilak itsasten zaizkionean dentsitatea txikitu eta dilistak gora igotzen dira. Goian gas burbuilek ihes egiterakoan dilista berriz behera erortzen da.
Bideoa:
Dilistakin egin genuen praktika. Klikatu irudian.
16) Kortxoa hondora doa.
Materiala:- Kortxoa.
- Kolorantea edo tinta
- Prezipitatu ontzi txikia edo edalontzia.
- Platera.
Prozedura:
Platera urez bete kortxoak flotatzeko lain eta kolorante pixka bat isuri efektua hobeto ikusi ahal izateko. Kortxoa uretan ezarri. Edalontzi bat ahoz behera kortxoa dagoen tokian ezarri eta airea ura desplazatzen duela ikusiko dugu, kortxoa hondoan ezartzen delarik.
17) Ura edateko bi lastotxo? Baita zera ere.
Materiala:- Edalontzia.
- Bi lastotxo..
Prozedura:
Edalontzia urez beteko dugu.
Lehenengo frogan lastotxo batekin ura zurgatuko dugu.
Bigarren frogan bi lastotxo erabiliko ditugu, bata edalontzian sarturik eta bestea kanpoan.
Galderak:
Zer gertatzen da bigarren frogan?
Zergatik?
18) Zerez eginak daude txanponak eta giltzak?
Helburuak:Imanak burdina duten metalak bakarrik erakartzen dituela ikustea.
Ohiko tresnak (giltzak, txanponak, latak, guraizeak...) zertaz eginak dauden ondorioztatzea.
Materiala:
- Aluminio papera.
- Kobre zatiak.
- Burdina.
- Imana.
- Erloju beira.
- Papera.
- Txanponak (gorriak eta horiak).
- Giltzak (normalak, segurtasunekoak).
Prozedura:
Lehenengo zatia: Zein metal erakartzen du imanak?
Aluminio papera, kobre zatiak eta burniezko bolak prestatu erloju beira banatan. Ondoren imana hurbildu eta ikusi zein material erakartzen duen eta zein ez. Komeni da imana paper batez estaltzea, bestela zaila egiten baita burdinezko bolak kentzea.
Bigarren zatia: Zerez eginda daude txanponak eta giltzak?
Mota desberdinetako txanponak filan ezarri, ondoren giltzak ere bai. Hurbildu imana eta ikusi ea erakartzen dituen ala ez.
Emaitzak:
- Hiru metalen artean burdina bakarrik erakartzen du imanak.
- Txanpon gorriak erakartzen ditu: kobrez estalirik egon arren barnea altzairuzkoa baitute.
- Txanpon horiak ez ditu erakartzen: kobrezkoak dira oso-osorik.
- Giltzei dagokienez, material desberdinez egindakoak izan daitezke. Guk erabili ditugunetan normala erakarri ditu eta segurtasunekoak ez. Erakartzen dituenak altzairua daukate.
19) Izotzarentzako berokirik egokiena.
Helburuak:Hainbat materialen artean isolatzaile termiko onena zein den erabakitzea.
Materiala:
- Izotza (lau kubotxo).
- Aluminio papera.
- Oihala (edo balleta).
- Plastikozko film gardena.
- Papera.
Prozedura:
Izotz zati bakoitza goian aipaturiko materialez estali eta ikusi zein den urtzen den azken izotz kubotxoa. Denbora mugatua izanez gero ikusi zein den gehien urtu dena eta zeinek mantendu duen hasierako tamaina egokien.
Erantzuna:
Isolatzaile termiko onena, hau da, izotza hobekien mantendu duena, ikasleek usteko dutenaren kontra, oihala da. Aluminio paperak berriz alde batetik bestera beroa transmititzeko ahalmena du.
20) Saihodietan ostadarra.
Helburuak:Pipeta erabiltzen ikastea.
Neurrien zehaztasunaren garrantzia baloratzea.
Materiala:
- Zortzi saihodi.
- Koloranteak: Urdina, horia eta gorria.
- Erlenmeyer matrazeak.
- Pipeta.
Prozedura:
Irakasleak aurrez hiru matraze urez bete eta bakoitzean kolorante bat isuriko du, urdina, horia ala gorria. Kontuz ibili kolorante gehiegi ez botatzen, asko zikintzen baitu, ez bakarrik jantziak, baita matraze eta pipetak ere. Hau dela eta, gure kasuan gorria laranja bihurtu da.
Saihodi bakoitzean neurri desberdinak bota.
1) 5 ml urdin eta 3 ml gorri.
2) 3 ml urdin eta 5 ml gorri.
3) 8 ml gorri.
4) 4 ml gorri eta 4 ml hori.
5) 8 ml hori.
6) 5 ml hori eta 3 ml urdin.
7) 3 ml hori eta 5 ml urdin.
8) 8 ml urdin.
21) Zenbat diru behar da urari irabazteko?
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blogetik ateratako praktika. Helburuak:
Uraren azaleko tentsioa aztertzea.
Materiala:
- Ura.
- Txanponak.
- Edalontziak.
- Kartak. (edo kartulina zatiak)
Prozedura:
Edalontzi baten ertzean karta bat ezarriko dugu, orekan utziz. Alde batean txanpon bat ezarriko dugu eta erori egingo da. Bigarren saiakera egingo dugu baina oraingoan edalontzia toperaino beteko dugu urez. Oraingoan posible izango dugu txanponak ezarri eta kartak orekan jarraitzea.
22) Gora olioa! Behera ura!
Helburuak:Olioa urarekin nahasten ez dela ikustea.
Materiala:
- Ura.
- Olioa.
- Edalontziak.
- Kartak. (edo kartulina zatiak)
Prozedura:
Edalontzi bat urez beteko dugu toperaino eta beste edalontzi bat olioz. Urez beteta dagoenari karta bat ezarriko diogu gainean eta kontu handiz buelta emango diogu. Ondoren edalontzi honen ahoa olioa daukanaren ahoaren gainean ipiniko dugu.
Kontu handiz karta pixka bat mugituko dugu olio eta uraren artean zulo txiki bat utzi. Olioa poliki gorantz joango da eta urak beherantz egingo du, edalontzi bakoitzeko edukina elkarrekin nahastu gabe trukatu egingo delarik.
23) Edalontzien lapurra.
Helburuak:Tenperaturaren arabera gasen bolumena aldatzen dela ikustea (Charlesen legea).
Materiala:
- Edalontzia.
- Puxika.
- Paper zatia.
- Poxpoloa.
Prozedura:
Lehenik eta behin puxika bat puztu. Paper zati bati su eman eta edalontzi barrura sartu. Sua itzaltzen denean berehala puxika edalontziaren ahoan ezarri eta barrurantz sartzen dela ikusiko dugu, edalontzia itsatsita gelditzen delarik. Puxika hartuz edalontzia eramango dugu.
Azalpena:
Suak edalontziaren barneko gasa berotu egiten du eta hau espanditu egiten da. Sua itzaltzerakoan airea hoztu eta konprimitu egiten da puxika barrurantz sartuz.
Galderak:
Nahi izanez gero elementu guztiak mahaian ezarri eta honako galdera hau egin daiteke:
Nola lortuko dugu edalontzia mahai batetik bestera eramatea eskuekin edalontzia bera ukitu gabe?
24) Paperezko panpinen zirkoa.
Manuel Díaz Escaleraren FQ-experimentos blog bikainetik ateratako praktika.Helburuak:
Elektrizitaea lantzea.
Materiala:
- Puxika.
- Papera.
- Artaziak (guraizeak).
Prozedura:
Tamaina desberdineko paperezko panpinak egingo ditugu. Gure kasuan 3cm-ko altuera duena, 7 cm-koa eta 10 cm-koa egin ditugu. Zenbat eta argalagoak izan hobeto, pisua txikiagoa izango baitute.
Bestalde puxika bat puztu eta elektrifikatu egingo dugu jantzian edo ilean igurtziz. Ondoren puxika panpinengana hurbildu eta salto egin araziko diegu. Txikienak salto egin eta puxikan "itsatsiko" dira, besteak altxatu egingo dira eta salto egiten ez badute posible izango da "ibili" araztea. Handienak mugitu soilik egingo dira. Bakoitzaren ableziaren eta panpinen tamainaren araberako emaitzak izango ditugu hala ere.
Azalpena:
Puxika igurztean erropan edo ilean zeuden elektroiak bereganatzen ditu eta indukzioz panpinetako kargak desorekatu eta erakarri egiten ditu.
Galderak:
- Zein izan da salto egin duen panpinik handiena?
- Zein izan da panpin txikienak salto egin duen distantziarik handiena?
25) Lata ekilibrista.
Helburuak:Oreka lantzea.
Materiala:
- Freskagarri lata.
Prozedura:
Lata oker ezarri eta orekan mantentzea da gure helburua. Horretarako urez beteko dugu (1/3 edo) eta diagonalean ezarriko dugu. Latak ipurdian duen arrakala da oreka mantenduko duena, arrakala hori gainditzeko nahikoa indarrik ez baitu uraren pisuak.
Urez topera betetzen badugu ez da orekan mantenduko, pisuak arrakala gaindituko baitu.
No comments:
Post a Comment