Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

laborategia DBH 3/4


1) Dentsitateen neurketa.
2) Urpekuntzi horia.
3) Proteina bila (arrautza eta oliotan).
4) Arrautzak: Sukaldea eta kimika (Robin Food).
5) Almidoi bila elikagaietan.
6) Dilisten eta arrozaren arteko konparaketa. 
7) Solidoen arteko nahasketan osagaiak bereizten.
8) Gatz ezberdinen disoluzioen ezaugarriak.
9) Gatzaren eragina uretan.
10) Bolumenak gehitzerakoan matematikak ez du asmatzen. 
11) Erreakzioak (1): Puxika puztu ozpin eta bikarbonatoaz.
12) Erreakzioak (2): Urrezko euria.
13) Erreakzioak (3): Gatza sortzen. 
14) Erreakzioak (4): Erreakzio exotermikoa. 
15) Erreakzioak (5): Zilarra sortzen. 
16) Erreakzioak (6): Suaren bila. 
17) Erreakzioak (7): Marmola desegin dezagun. 
18) Erreakzioak (8): Bapateko prezipitazioa. 
19) Erreakzioak (9): Zertaz eginak daude txanponak? 
20) Erreakzioak (10): Burdina kobretzen.
21) Xaboiaren eragina uraren gainazaleko tentsioan.
22) Aza gorria, pH indikatzailea.
23) Herdoilarena.
24) Erre dezagun diru guztia!
25) Iodoaren koloreak. 
26) Disoluzioen saturazioa. 
27) Gatzen disolbagarritasuna tenperaturaren arabera.
28) Argia plastikozko botilekin. 
29) Arkimedesen printzipioa.
30) Airea vs Lata. 
31) Urak bultzaturiko suziria.
32) Solidoen dilatazioa. 
33) Masa vs Pisua. 
34) Ur azpiko sumendia.
35) Uraren azala.
36) Zenbat tanta sartzen dira txanpon batean? 
37) Mach 1, bai ala ez?
38) Mahats-mordoa puxikekin. 
39) Puxika "elektrikoa".


1) Sustantzia ezberdinen dentsitateen neurketa.
Helburuak:
Material ezberdinen dentsitateak neurtzea bakoitzaren ezaugarriak kontutan harturik.
Laborategiko tresnak erabiltzen ikastea. 
Materiala:
- Egurrezko takoa
- Burdinezko eta aluminiozko hagatxoak
- Ura
- Detergentea
- Olioa
- Dilistak
- Gaztainak
- Erregela
- Balantza elektronikoa
- Erloju beira
- Probeta
- Kalkulagailua
Prozedura:
Dentsitatea kalkulatzeko beharrezkoa dugu bakoitzaren bolumena eta masa zehaztea, ondoren dentsitatearen formula erabili ahal izateko. Hala ere elementu bakoitzarekin teknika desberdina erabili behar da.
Egurra, burdina eta aluminioa erregelaz neurtuko ditugu, prisma errektangularrak baitira eta ondoren balantzan pisatuko ditugu.
Ura, detergentea eta olioa likidoak direnez probeta erabiliko dugu bolumena neurtzeko. Aurrez ordea pisatu egingo ditugu, probeta hutsa lehenengo eta likidoz beteta ondoren. Pisu bien arteko diferentzia izango da likidoaren pisua.
Dilistak eta gaztaina ere solidoak diren arren ez dira elementu geometrikoak, beraz bolumena neurtzeko bestelako prozedurak erabili beharko ditugu. Dilistak likidoak balira legez neurtuko ditugu, probeta erabiliz. Gaztainarekin probeta zabal bat urez beteko dugu. Ondoren gaztaina sartu eta ur mailaren diferentziak emango digu gaztainaren bolumena.
Azkenik dentsitate guztiak ordenan idatziko ditugu, txikienetik handienera zerrendatuz.


2) Urpekuntzi horia.
Helburuak:
Likidoen dentsitatea kalkulatzea.
Hiru sustantzia likidoren arteko flotabilitatea ikustea.
Likidoen berezko forma behatzea.
Materiala:
- Ura
- Olioa
- Alkohola
- Prezipitatu ontzia
- Erloju beira
- Probeta
- Balantza
- Pipeta
Prozedura:
Uraren, alkoholaren eta olioaren 5 mililitro hartu eta bakoitzaren dentsitatea kalkulatu.
Prezipitatu ontzian erloju beira sartu eta pipeta baten bidez kontu handiz olio pixkat ezarri. Ontzian alkohola isuri erloju beira estali arte. Saiatu olioaren gainean zuzenean ez isurtzen, olioa erloju beiratik atera ez dadin. Ondoren alkoholari gutxinaka ura gehitu, olioa bere tokitik ateratzen den arte. Olio tanta ur eta alkoholaren nahasketan itxura esferikoan geldituko da. Nahasteari ura gehituz gero olioak gorantz egingo du, aldiz alkohola gehituz beherantz.
Galdera:
- Zer gertatu da esperientzia honetan?
- Zergatik neurtu dugu aurretik sustantzia bakoitzaren dentsitatea?
- Nola funtzionatzen dute benetako urpekuntziek?


3) Arrautza eta oliotan proteina bila.
Helburuak:
Arrautzaren zuringoan eta oliotan proteinak ba ote dauden zehaztea.
Bide batez arrautzaren zuringo eta gorringoaren arteko dentsitateak alderatzea.
Materiala:
- Arrautza
- Olioa
- Ozpina
- Bi probeta
- Bi prezipitatu ontzi
- Balantza elektronikoa
- Hagatxoa
- Platera
- Goilarea
Prozedura:
Bi probeta pisatuko ditugu balantzan.
Arrautza kontuz hautsiko dugu platerean. Goilare batez lagunduta gorringoa probeta batean sartuko dugu eta zuringoa bestean, bakoitzaren bolumenak neurtzeko.
Ondoren balantzan pisatu eta dentsitatea kalkulatuko dugu. Gogoratu aurretik pisaturiko probeten emaitza kendu behar zaiola pisu berriari.
Gorringoa bota, probeta garbitu eta olioaren 25 ml neurtzeko erabiliko dugu. Ondoren zuringoa eta olioa prezipitatu ontzi banatara botako ditugu. Biei 25 ml ozpin gehituko dizkiegu, proteina ingurune azidoan koagulatu egiten baita. Erreakzioa azeleratzeko hagatxoa erabil dezakegu.


4) Arrautzekin lanean: Sukaldea eta kimika.
Hemen duzue Robin Food saioaren atal bat. Bertan David de Jorgek Idoia Mujika kimikaria gonbidatu du eta arrautzen inguruan mintzatu dira. Davidek berak arrautzak oinarri dituen bi jaki prestatu ditu eta Idoiak kimikaren aldetik azaldu du arrautzekin gertatzen dena. Horretaz gain "gomazko arrautzak", "arrautzak azido klorhidriko erara" eta "souffle kimikoa" egin ditu Idoiak.












5) Almidoi bila elikagaietan.
Helburuak:
Hainbat elikagaietan almidoirik ba ote dagoen zehaztea.
Saihodiak erabiltzen ikastea.
Materiala:
- Arroza
- Patata
- Saltxitxa
- Ogia
- Sagarra
- Berakatza (baratxuria)
- Azukrea
- Saihodiak
- Iodoa (Betadine)
Prozedura:
Lehenik eta behin iodoaren disoluzio diluitua prestatuko dugu, 40 mililitro uretan Betadine tanta batzuk botaz. Bestalde saihodi bakoitzean elikagai baten zati txiki bat ezarriko dugu urak estalita.
Iodo disoluzioaren tanta batzuk botako dizkiogu elikagai bakoitzari, pixka bat nahastu eta gertatzen den erreakzioa aztertuko dugu. Iodo disoluzioa bere horreta gelditzen bada elikagaiak almidoirik ez duen seinale, aldiz kolorea aldatzen badu, esate baterako urdin ilun edo morea bihurtzen bada, elikagaiak almidoia daukala esan nahi du.
Galdera:
- Nola jakin dezakegu harategian eman diguten hestebete bat kalitatezkoa den?
- Ondorengo elikagaiek almidoirik baduten esango zenuke? Oilaskoa, gailetak, goxokiak, madaria, makarroia, esnea, arrautza eta azenarioa.


6) Dilisten eta arrozaren arteko konparaketa.
Helburuak:
Gauza txikien masa kalkulatzea, aproximazioz.
Elikagaien absortzio ahalmena kalkulatzea eta sukaldean dituen ondorioak aztertzea.
Bunsen metxeroa arretaz erabiltzea.
Materiala:
- Dilistak
- Arroza
- Erloju beira
- Balantza elektronikoa
- Tripodea
- Sareta
Prozedura:
Dilisten eta arroz alearen pisua oso txikia denez bakoitzaren 100 ale bereizi eta hauek pisatuko ditugu. Bolumenak ere neurtuko ditugu.
Ondoren bakoitza 15 minutuz egosten utziko dugu uretan eta berriz pisatu eta bolumenak neurtuko ditugu.
Galderak:
- Zerk pisatzen du gehiago?
- Zerk absorbitzen du ur gehiago?
- Zenbatekoa da uraren portzentaia egosi ondoren?
- Zerk beharko luke denbora gehiago sukaldatua izateko?


7) Solidoen arteko bereizketa; gatza, harea eta burdina.
Helburua:
Solidoen arteko nahasketa batetako osagaiak bereiztea da, bakoitzaren ezaugarriak kontutan harturik teknika egokiak erabiliz.
Materiala:
- Gatza
- Harea
- Burdin hautsa
- Prezipitatu ontzia
- Erloju beira
- Imana
- Hagatxoa
- Erlenmeyer matrazea
- Inbutua eta filtro papera
- Bunsen metxeroa
Prozedura:
Prezipitatu ontzian daukagun nahasketaren pisua balantza elektronikoan neurtu.
Nahasketatik lehenengo eta behin burdina aterako dugu iman bat erabiliz. Komeni da imana paper batez estaltzea, errazago banatuko baitugu ondoren burdina. Lorturiko burdin hautsa erloju beiraren bidez balantza elektronikoan pisatu eta totalaren zebateko portzentaia osatzen zuen kalkulatu.
Ondoren nahasketarik 100 ml ur bota eta hagatxoarekin disolbatzen saiatu. Gatza disolbatuko da, harea ez ordea. Filtro papera pisatu eta nahastea filtratu ondoren berriro pisatu. Pisuen arteko diferentziarekin totalarekiko harearen portzentaia kalkulatu.
Azkenik gatza berreskuratu behar dugu. Horretarako prezipitatu ontzia Bunsen metxeroarekin berotu ura lurrundu dadin. Barrenean gelditu den gatza pisatu eta ikusi prozesu guztian ea materialik galdu den edo ez.


8) Gatz ezberdinen disoluzioen ezaugarriak.
Helburuak:
Gatz ezberdinen disoluzioak egin eta ezaugarriak behatzea da. Kobre sulfatoaren disoluzio batetik abiatuta burdin eta zink sulfatoa lortuko ditugu.
Erreakzio exotermikoaren kontzeptua lantzea.
Materiala:
- Kobre sulfatoa
- Zink hautsa
- Burdin hautsa
- Probeta
- Bi prezipitatu ontzi
- Erloju beira
- Espatula
- Hagatxoa
- Termometroa
- Erlenmeyer matrazea
- Inbutua eta filtro papera
Prozedura:
Bi prezipitatu ontzitan 100 mililitro uretan 8na gramo kobre sulfato disolbatuko ditugu. Ezaugarriak behatuko ditugu, batez ere kolorea eta tenperatura.
Ondoren prezipitatu ontzi batean gramo bat zink hauts eta bestean bi gramo burdin hauts disolbatuko ditugu. Horretarako beharrezkoa izango dugu ordu laurden batean zehar hagatxoari eragitea. Nahastu direnetik 20-25 minutu pasa direnean berriro behatuko ditugu bakoitzaren kolorea eta tenperatura. Ondoren filtratu egingo ditugu, disoluzioa garbitu egingo da horrela eta gehiegizko solutua (+ askatu den kobrea) filtroan geldituko da.
Ikusiko dugunez kobre sulfatoaren disoluzioa urdina da, burdin sulfatoarena berdea eta zink sulfatoarenak hasieran beltza dela dirudien arren filtratu ondoren gardena dela ikusiko dugu. Bestalde zink sulfatoaren disoluzioa gehiago berotuko da burdin sulfatoarena baino.


9) Gatzaren eragina uretan (irakite-puntuan eta dentsitatean).
Helburuak:
Gatzak uraren irakite-puntuan daukan eragina ikustea.
Grafikak egiten ikastea.
Arrautza baten flotagarritasuna aztertzea.
Disolbagarritasun faktoreak aztertzea (horretarako gatz oso potoloa erabiltzea komeni da).
Materiala:
- Gatza (ahal dela potoloa)
- Arrautza
- Prezipitazio ontzi bi
- Hagatxoa
- Bunsen metxeroa
- Termometroa
- Paper milimetratua
- Erregela
Prozedura:
Prezipitazio ontzi batean 200 ml ur eta bestean 200 ml ur eta 50 gramo gatz ezarriko ditugu. Prezipitazio ontzi bakoitza 15 minututan zehar berotuko dugu (edo bestela 100ÂșC-ra iritsi arte), eta minuturo tenperatura hartuko dugu.
Gatza disolbatzeko hagatxoa erabiliko dugu, baina ez da guztia disolbatuko. Ondoren disoluzioa berotzerakoan erabat disolbatuko da.
Gatzak uraren tenperaturaren handitzean eraginik ba ote duen aztertuko dugu, bai eta irakite puntua zein gradutan lortzen den ere.
Azkenik arrautza fresko bat hartu eta uretan sartuko dugu. Ikusiko dugu urperatu egiten dela. Ondoren gatzez saturaturiko disoluzioan sartuko dugu eta flotatu egiten duela konturatuko gara.
Galderak:
- Zer egiten da errepideetan izozteak etortzear daudela jakiterakoan?
- Zer gertatzen da Itsaso Hilean?


10) Bolumenak gehitzerakoan matematikak ez du asmatzen.
Helburuak:
Bi sustantzia nahasterakoan lorturiko nahastearen bolumena espero zitekeena ez dela ikustea. Hidrogeno zubien kontzeptua azaltzeko baliagarria da.
Sustantzien pisua aldiz esperotakoa dela ikustea.
Bolumenak zehaztasunez hartzen ikastea.
Materiala:
- Ura
- Olioa
- Alkohola
- Gatza
- Arroza
- Probeta
- Prezipitatu ontzi txikia
Prozedura:
Sustantzia bakoitzaren 20 ml neurtu eta pisatu. Ondoren honako nahaste hauek egin:
- Ura eta olioa (nahasten ez diren bi likido)
- Ura eta alkohola (nahasten diren bi likido)
- Ura eta gatza (likidoa eta solidoa)
- Arroza eta gatza (bi solido)


Sustantziak ondo nahastu ondoren bolumena berria neurtu eta pisatu.
Galdera:
- Esperotako bolumena eta pisua lortu ditugu?
- Zergatik gertatu da kasu bakoitzean?


11) Erreakzio kimikoak (1): Puxika puztu ozpin eta bikarbonatoaz.
Helburuak:
Erreakzio kimikoak aztertzea.
Egoera desberdinetan dauden erreaktibo eta produktuak erabiliko ditugu.
Materiala:
- Ozpina
- Bikarbonato sodikoa
- Puxika
- Erlenmeyer matraze txikia (aho txikiduna)
- Pipeta
- Erloju beira
- Goilaratxo-espatula
- Inbutua
Prozedura:
15 mililitro ozpin ezarriko ditugu Erlenmeyer matrazean, horretarako pipeta erabiliko dugularik. Bestalde 2'5 gramo bikarbonatu pisatu eta puxika barrura sartuko dugu inbutua erabiliz.
Puxika matrazearen ahoan ezarri eta puxikari buelta emango diogu bikarbonatua ozpinetan eror dadin. Erreakzioa egiterakoan karbono dioxidoa askatuko da eta puxika puztu egingo da.
Honako hau da gertatu dena:
Ozpina + bikarbonato sodikoa = azetato sodikoa + CO2 +H2O
Galderak:
- Zein egoeratan daude erreaktiboak? Eta produktuak?
- Zergatik puztu da puxika?


12) Erreakzio kimikoak (2): Urrezko euria.
Helburuak:
Erreakzio kimikoak aztertzea.
Erreakzio kimikoak doitzea.
Sustantzia toxikoak arduraz erabiltzea.
Materiala:
- Potasio ioduroa, KI
- Berun (II) Nitratoa, Pb (NO3)2
- 2 Prezipitatu ontzi.
- Erloju beira
- Goilaratxo-espatula
- Bunsen metxeroa
- Hagatxoa
Prozedura:
Bi prezipitatu ontzi hartu eta bakoitzean 100 mililitro ur ezarri. Lehenengoan gramo bat potasio ioduro disolbatu eta bestean gramo bat berun nitrato.
Kontuz ibili erreaktiboekin, toxikoak dira eta!
Ondoren disoluzio biak nahastu eta kolore horiko disoluzio berria lortuko da. Kolore hori berun ioduroarena (PbI2) da. Minutu pare batean bertan uzten badugu berun ioduroa prezipitatu egingo dela ikusiko dugu. Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
Pb (NO3)2  +  2 KI  =  PbI2  +  2 K NO3
Ondoren disoluzioa berotu egingo dugu eta hagatxoaz eragingo diogu prezipitaturik zegoena berriz disolbatzen laguntzeko. 10 minutuz berotzen eduki ondoren sua itzali eta hozten utziko dugu.
Ikusiko dugu nola berun ioduroa berriz prezipitatzen den, baina zati bat goian gelditzen da eta hoztu ahala kristal txikiak eratzen ditu, poliki poliki erortzen hasten direnak. Kristal hauek disdiratsuak dira eta efektu polita egiten du. Klikatu argazkian bideoa ikusteko.
Galderak:
- Zein egoeratan daude erreaktiboak? Eta produktuak?


13) Erreakzio kimikoak (3): Gatza sortzen.
Helburuak:
Erreakzio kimiko exotermikoak aztertzea.
Sustantzia toxikoak arduraz erabiltzea.
Materiala:
- Azido klorhidrikoa (%37)
- Sosa kaustikoa (Hidroxido sodikoa)
- Prezipitatu ontzia.
- Pipeta.
- Matxardak.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 25 ml azido klorhidriko ezarri eta tenperatura neurtu. Ondoren azidoari sosa kaustiko lenteja bat gehitu eta berriz ere tenpertura neurtu.
Kontuz ibili erreaktiboekin, toxikoak dira eta!
Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
H Cl  +  Na OH  =  Na Cl +  H2O
Galderak:
- Zer gertatu da tenperaturarekin?
- Etxean daukagun gatza horrela ekoizten al da?


14) Erreakzio kimikoak (4): Erreakzio exotermikoa.
Helburuak:
Erreakzio kimiko exotermikoak aztertzea.
Erreakzio kimikoak doitzea. 
Sustantzia toxikoak arduraz erabiltzea.
Materiala:
- Azido klorhidrikoa (%37)
- Zink hautsa
- Prezipitatu ontzia.
- Pipeta.
- Goilaratxoa-espatula.
- Erloju beira.
- Balantza elektronikoa.
- Hagatxoa.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 10 ml azido klorhidriko ezarri eta tenperatura neurtu. Ondoren azidoari 0'3 gramo zink hauts gehitu eta berriz ere tenpertura neurtu.
Kontuz ibili erreaktiboekin, toxikoak dira eta!
Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
2 H Cl  +  Zn  =  Zn Cl2 +  H2
Galderak:
- Zer gertatu da tenperaturarekin?
- Zelakoa da hidrogeno gasa?


15) Erreakzio kimikoak (5): Zilarra sortzen.
Helburuak:
Erreakzio kimikoak aztertzea.
Sustantzia toxikoak arduraz erabiltzea.
Materiala:
- Zilar nitratoa
- Kupre haria
- Prezipitatu ontzia.
- Goilaratxoa-espatula.
- Erloju beira.
- Balantza elektronikoa.
- Hagatxoa.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 150 mililitro uretan 3 gramo zilar nitrato disolbatu. Ondoren kuprezko hari bat sartu eta itxaron, erreakzioa motela baita. Denbora pasatu ahala kuprezko hari gorria zilar koloreko bihurtzen hasiko da.
Kontuz ibili zilar nitratoarekin, toxikoak da eta!
Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
Ag NO3  +  2 Cu  =  Cu (NO3)2 +  Ag


16) Erreakzio kimikoak (6): Suaren bila.
Helburuak:
Deskonposizio-erreakzio kimiko bat ikustea.
Erreakzio kimikoak doitzea.
Laborategian arduraz jokatzea.
Materiala:
- Potasio kloratoa.
- Paperezko lau bolatxo.
- Saihodia.
- Egurrezko matxarda luzea.
- Goilaratxoa-espatula.
- Erloju beira.
- Balantza elektronikoa.
- Bunsen metxeroa.
Prozedura:
Saihodi batean 3 gramo potasio klorato sartu. Ondoren Bunsen metxeroa piztu eta saihodia berotu, matxarda luzeak erabiliz eta saihodiaren ahoa beti kanporantz begira dagoela. Potasio kloratoa likido bihurtzerakoan paperezko bolatxoak sartu kontu handiz eta banan banan.
Kontuz erreakzioarekin, eta saihodia beti kanporantz begira!
Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
2 K ClO3  =  2 K Cl   +  3 O2
Galderak:
- Zein motatako erreakzioa gertatu da?
- Zein izan da atera den gasa? Nola dakizu?
- Zein egoeratan egon dira erreaktiboak eta produktuak?


17) Erreakzio kimikoak (7): Marmola desegin dezagun.
Helburuak:
Erreakzio kimikoak doitzea.
Laborategian arduraz jokatzea.
Grafikak lantzea.
Materiala:
- Marmol zatiak.
- Azido klorhidrikoa.
- Prezipitatu ontzia.
- Pipeta.
- Erloju beira.
- Balantza elektronikoa.
- Paper milimetratua.
- Arkatza eta erregela.
Prozedura:
Talde batek marmol zati bat, beste batek bi zati eta beste batek hiru hartuko ditu eta pisatu ondoren prezipitatu ontzietan ezarriko ditu. Bakoitzean 30 ml azido klorhidriko isuriko ditugu.
Kontuz azido klorhidrikoarekin!
Ondoren denbora neurtuko dugu marmol zatiak erabat desegin arte, eta lorturiko emaitzekin gramo-minutu grafika bat egingo dugu paper milimetratuan.
Gertatu den erreakzio kimikoa honako hau da:
Ca CO3  +  2 HCl  =  CaCl2  +  CO2  +  H2O


18) Erreakzio kimikoak (8): Bapateko prezipitazioa.
Helburuak:
Hauspeakin edo prezipitazio erreakzio bat aztertzea.
Laborategian arduraz jokatzea.
Materiala:
- Berun II nitratoa.
(Zilar nitratoak ere balio du)
- Azido klorhidrikoa.
- Prezipitatu ontzia.
- Erloju beira.
- Balantza elektronikoa.
- Pipeta.
- Erlenmeyer matrazea.
- Filtro papera.
- Inbutua.
Prozedura:
2 gramo berun nitrato hartu eta 100ml uretan disolbatuko ditugu. Disoluzioaren kolorea paperean idatziko dugu. Ondoren 10 ml azido klorhidriko hartu eta disoluzioan isuriko ditugu.
Kontuz azido klorhidrikoarekin!
Erreakzioa bapatekoa da.
Pb (NO3) +  2 HCl  =  PbCl2  +  2 H NO3 
Ondoren filtratu egingo dugu. Filtro papera lehortzen utziko dugu eta pisatu egingo dugu, aurretik zegoen solido bera ez dela frogatzeko. Kontuan izan aurretik filtro papera pisatu behar dela.


19) Erreakzio kimikoak (9): Zertaz eginak daude txanponak?
Helburuak:
Txanponen egitura zehaztea.
Euri azidoaren eragina aztertzea.
Laborategian arduraz jokatzea.
Materiala:
- Azido nitrikoa (%25ean nahikoa da).
- Bi txanpon, 0'01 € eta 0'10 €-takoak.
- Pipeta.
- Erlenmeyer matrazeak.
- Termometroa.
Prozedura:
Erlenmeyer matraze bakoitzean txanpon bana ezarri. Ondoren 5-10 ml azido nitriko gehitu (txanpona estal dezala) eta tenperatura neurtu.
Kontuz azido nitrikoarekin!
Erreakzioa bapatekoa da. Azido nitrikoak txanponen kobrea disolbatzen du nitrato kuprikoa emanez. Denbora pixka bat pasa behar da oxido nitrikoa gas eran ager dadin. Kontuz erreakzioan sortu den gasarekin!
Berriz ere tenperatura neurtu.
Cu  +   4 HNO3  =  Cu (NO3) +  2 NO2  +  2 H2O
Galderak:
- Deskriba itzazu erreakzioan eratzen diren produktuak: egoera, kolorea...
- Zein materialez eginak daude txanponak? Biek egitura bera al dute?
- Zein erreakzio mota da?


20) Erreakzio kimikoak (10): Burdina kobretzen.
Helburuak:
Ordezkapeneko erreakzio bat aztertzea.
Materiala:
- Sulfato kupriko hidratatua.
- Burdinezko iltze bat.
- Prezipitatu ontzia.
- Hagatxoa.
- Goilaratxoa.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 250 ml uretan bi goilaratxo kobre sulfato disolbatu. Ondoren burdinezko iltzea sartu eta itxaron. Begiratu aldaketarik badagoen 30 minututan. Beste behaketa bat egin daiteke hurrengo egunerarte utzita. 
2 Fe  +   3 CuSO4  =  Fe2 (SO4)3  +  3 Cu

Disoluzioa berdetu egiten da burdina disolbatu ahala. Bestalde burdinaren azalean hauts gorria agertzen da, prezipitatzen ari den kobrea da.


21) Xaboiaren eragina uraren gainazaleko tentsioan.
Helburuak:
Xaboiaren funtzioa zehaztea.
Uraren gainazaleko tentsioa ulertzea.
Pipeta arduraz erabiltzen ikastea.
Materiala:
- Ura
- Olioa
- Xaboia
- Prezipitatu ontzia
- Probeta
- Pipeta
- Hagatxoa
- Erlojua
Prozedura:
A) Zergatik erabiltzen dugu xaboia harrikoa egiterakoan?
Pipetarekin 5 ml olio hartu eta 40 ml ur dituen prezipitatu ontzian isuriko ditugu. Hagatxoarekin ahal bezain beste nahastu eta sustantzia biek berriz banatzeko behar duten denbora kalkulatuko dugu. Ondoren 4 tanta xaboi gehitu eta berriz nahastuko dugu. Berdina gertatzen al da?
B) Zein itxura dute likidoek?
Olio mililitro bat eta 40 ml ur nahastuko ditugu prezipitatu ontzi batean. Marraztu olioaren itxura uretara erortzean eta baita jadanik egoera egonkortu denean. Ondoren bi tanta xaboi ezarriko ditugu olio orbanaren gainean eta gertatzen dena marraztu.
Galderak:
- Zergatik erabiltzen dugu xaboia harrikoa egiterakoan?
- Zein itxura aldaketa izan du olioak praktika guztian zehar?
- Zein itxura dute likidoek?


22) Aza gorria, pH indikatzailea.
Helburuak:
pH-aren kontzeptua aztertzea
Sustantziak azido edo base diren zehaztea.
Sustantzia toxikoak arduraz erabiltzea.
Materiala:
- Aza gorria (Lonbarda esaten diotena).
- Hainbat sustantzia:
   - Etxekoak: Limoi zukua, ozpina, lixiba, garbikaria, bikarbonatoa, azukrea...
   - Laborategikoak: Azido nitrikoa, azido klorhidrikoa, kaltzio hidroxidoa, etanola...
- Prezipitatu ontzia.
- Bunsen metxeroa.
- Erlenmeyer matrazea, inbutua eta filtro papera.
- Pipeta.
- Goilara-espatula, erloju beira eta balantza.
- Saihodiak eta gradilak.
Prozedura:
Indikatzailea lortzea:
Aza gorria zatikatu eta egosten jarri uretan. 10 minutu inguru pasa direnerako jadanik likido urdin-more iluna izango dugu. Hozten utzi ondoren likidoa filtratuko dugu. Konturatuko gara urdin iluna dela.
Sustantzien analisia:
Ahal bezain beste sustantzia lortuko ditugu (gure kasuan, ozpina, bikarbonatoa, garbikaria, azido nitrikoa, azido klorhidrikoa, kaltzio hidroxidoa eta azukrea izan dira). Solidoak diren sustantzietan 2 gramo disolbatu ditugu 150 mililitro uretan, likidoak diren sustantzietan 20 mililitro elkartu ditugu 100 mililitro urekin.
Ondoren saihodi bakoitzean 5 mililitro disoluzio eta 5 mililitro indikatzaile ezarri ditugu. Azidoak diren sustantziek kolore gorri bizia hartu dute, baseek berdea eta neutroek indikatzailearen kolore urdina mantendu dute.
Neuralizazioa:
Sustantzia azidoak eta basikoak neutralizatu egiten direla frogatzeko saihodi berde batetik gorri batera likidoa isurtzen hasi gara, harik eta kolore gorria urdin (edo more) bihurtu den arte.
Kontuz ibili erreaktibo batzuekin, toxikoak dira eta!


23) Herdoilarena.
Helburuak:
Oxidazioaren kontzeptua ikustea.
Material desberdinen erresistentzia aztertzea.
Uraren oxidazio gaitasuna aztertzea.
Materiala:
- Hainbat metal, gure kasuan burdina, kobrea eta aluminioa.
- Ura.
- Ur oxigenatua.
- Gatza.
- Pipeta.
- Matxardak.
- Saihodiak eta gradilak.
Prozedura:
Bederatzi saihodi prestatu ditugu. Hirutan burdina, beste hirutan aluminioa eta azkenengo hirutan kuprea ezarri ditugu. Material bakoitza urez, ur eta gatzez eta ur oxigenatuz estali dugu. Hiru egun pasa ondoren materialak zenbateraino herdoildu diren ikusi dugu.
Galderak:
- Zein material izan da oxidatuena? Zein erresistenteena?
- Zein likido izan da oxidatzaileena?


24) Erre dezagun diru guztia!
Helburuak:
Hainbat produktuk konbustioarengan duten eragina aztertzea
Materiala:
- Etanola.
- Gatza.
- Billeteak (bueno, hobe billeteen fotokopiak)
- Prezipitatu ontziak.
- Poxpoloak.
- Platera.
- Matxardak.
Prozedura:
Hiru prezipitatu ontzi prestatuko ditugu; lehenengoan 50 ml ur ezarriko ditugu, bigarrenean 50 ml etanol eta hirugarrenean 25 ml ur, 25 ml etanol eta gatz apur bat. Billete bakoitza prezipitatu ontziko sustantzian ondo bustiko dugu eta su emango diogu. Ondoren ikusitakoa marraztuko dugu. Suarekin jolasten ibiliko garenez hobe dugu billetea matxarda batez eustea eta ondoan plater bat edukitzea urez beteta erretako billeteak bertara botatzeko.
Emaitzak:
- Uretan busti dugun billetea ez da erreko.
- Etanoletan busti dugun billetea erre egingo da berehala.
- Nahasturan bustitako billeteari garrak aterako zaizkio baina ez da erreko.


25) Iodoaren koloreak.
Helburuak:
Iodoa egoera desberdinetan deskribatzea.
Iodoaren sublimazioa eta alderantzizko sublimazioa ikustea.
Materiala:
- Iodoa (birsublimaturiko granuloak).
- Izotza.
- Prezipitatu ontzia.
- Petri plaka.
- Bunsen metxeroa.
- Matxardak.
Prozedura:
Iodo bolatxo pare bat hartu ditugu. Gris ilunak direla ikusi dugu. Bolatxo hauek prezipitatu ontzian ezarri ditugu eta berotzen jarri dugu. Prezipitatu ontziaren gainean Petri plaka bat ezarri dugu izotz zati bat gainean duela.
Iodoa sublimatzen hasi da, gas arroxa bihurtuz. Gasa hotz dagoen Petri plakan berriz solidotu da hauts beltza agertu delarik.
Beste prezipitatu ontzian iodo bolatxo bi ezarri ditugu 50 ml-rekin batera. Berotzen jarri dugu bolak disolbatu daitezen. Ura hori jartzen hasi da eta bolak disolbatu orduko laranja ere bazen.


26) Disoluzioen saturazioa.
Helburuak:
Disoluzioen saturazioa ikustea.
Disolbaturiko sustantzien bolumenaren batura matematikoa den ala ez zehaztea.
Disolbagarritasunean eragina duten faktoreak ikustea.
Materiala:
- Azukrea.
- Ura.
- Probeta.
- Prezipitatu ontzia.
- Goilaratxoa.
- Balantza.
(Nahi izanez gero Bunsen metxeroa)
Prozedura:
Prezipitatu ontzi batean 40 ml ur ezarriko ditugu eta probeta batean 40 ml azukre. Gutxinaka gutxinaka azukrea uretan disolbatzen hasiko gara. Azukre guztia uretan disolbatzen duen lehen taldea lasterketako garailea izango da.

Kontuan hartu beharreko arauak:
- goilararekin bakarrik bota daiteke azukrea.
- aurreko goilarakada erabat disolbatu artean ezin da azukrerik bota.
Aukera berriak:
- talderen batek ur beroa erabil dezake.
- talderen batek 100 ml ur erabil ditzake.
- talderen batek gatza disolba dezake.
Galderak:
- 40 ml ur eta 40 ml azukre nahasterakoan disoluzioa 80 ml-koa da?


27) Gatzen disolbagarritasuna tenperaturaren arabera.
Helburuak:
Gatz bakoitzak daukan saturazio puntua ikustea.
Tenperaturak saturazio puntuan duen eragina ikustea.
Materiala:
- Gatz arrunta (NaCl)
- Potasio nitratoa (KNO3)
- Ura.
- Probeta.
- Erloju beira.
- Bi prezipitatu ontzi.
- Goilaratxoa.
- Hagatxoa.
- Bunsen metxeroa.
- Balantza.
- Termometroa.
Prozedura:
Prezipitatu ontzi bakoitzean 50 ml ur ezarriko ditugu. Poliki poliki batean gatza eta bestean potasio nitratoa gehitzen hasiko gara, hagatxoari eraginez saturazio puntura iritsi arte.
Ondoren su txikian berotzen jarriko ditugu prezipitatu ontziak. Termometroarekin aldiro tenperatura kontrolatuko dugu eta 80ÂșC-tik gora pasatzen denean sua itzali, prezipitatu ontzia kontu handiz mahaian ezarri eta potasio nitratoa gehitzen hasiko gara, izan ere gatzaren prezipitatu ontziak saturatuta jarraitzen duela ikusiko baitugu.
Gatz bakoitzaren zein kantitate disolbatzea lortu dugun apuntatuko dugu, hala giro-tenperaturan nola 80ÂșC-tan.


28) Argia plastikozko botilekin.
Berde Berdearen webgunean honako albiste bitxi hau aurkitu dugu.
Filipinetako hiriburuko zenbait auzo txirotan ura eta lixibaz beteriko botilak teilatuetan ipintzen hasi dira etxeak argiztatzeko. Klikatu irudian albistearen bideoa ikusteko:















29) Arkimedesen printzipioa.
Helburuak:
Arkimedesen printzipioa frogatzea:
"fluido batean sartutako gorputz orok, kanporatutako fluidoaren pisu bereko bulkada bertikal bat jasango du goraka"
Materiala:
- Aluminiozko eta burdinezko hagatxoak.
- Gatza.
- Euskarria.
- Matxarda.
- Dinamometroa.
- Probeta.
Prozedura:
Euskarritik matxarda baten bidez dinamometroa zintzilikatu, eta dinamometroaren azpiko gakoan hagatxo bat kokatu. Bestalde probetan 50 mililitro ur ezarri.
Hagatxo bakoitzarekin hiru froga egingo ditugu eta bakoitzean dinamometroak markatzen duen indarra idatziko dugu:
- Lehenengo frogan hagatxoa zintzilik egongo da airean.
- Bigarren frogan hagatxoa probetako uretan sartuko dugu.
- Hirugarren frogan probetako urari 10 gramo gatz gehituko dizkiogu eta bertan sartuko dugu hagatxoa.


30) Airea vs Lata.
Helburuak:
Presio atmosferikoaren indarra ikustea:
"Lurzoruan aireak duen indarra edo atmosferak atmosfera barruan dauden gorputzen gainean egiten duen presioa da."
Materiala:
- Bi freskagarri lata.
- Hagatxo hutsa edo lastotxoa.
- Bunsen metxeroa.
- Kristalizatzailea.
- Trapua.
Prozedura:
Bi praktika egingo ditugu.
1) Latak elkartzen dira:
Bi lata bata bestearen ondoan, paralelo, ezarriko ditugu tarte txiki bat utziz. Lastotxoarekin putz egingo dugu bi laten arteko hutsunean eta latak elkartu egingo dira.
Azalpena: Bi laten artean putz egiterakoan airearen zati handi bat kendu eta presioa gutxitzen da, kontrako aldeko presioak orduan lata mugiarazten du.
2) Lata kontraitzen da:
Lata baten %10 inguru urez betetzen dugu eta metxeroarekin berotzen dugu. Bestalde kristalizatzailea (edo edozein edukiontzi) urez betetzen dugu erdiraino. Latako ur gehiena lurrundu dela ikusterakoan, trapu batez lata hartu eta buruz behera sartzen dugu kristalizatzailean. Berehala lata kontraitu egiten da.
Azalpena: Lata barruan zegoen ura berotzerakoan zabaldu egiten da eta molekula gutxiago behar dira kanpoan dagoen presio atmosferikoa berdintzeko. Bapatean hozterakoan bolumena txikitu egiten da berriz baina kanpotik molekula berriak sartzeko astirik eman ez diogunez latak ezin du kanpoko presioa berdindu eta kontraitu egiten da.

31) Urak bultzaturiko suziria.
Helburuak:
Presio atmosferikoaren indarra ikustea:
"Lurzoruan aireak duen indarra edo atmosferak atmosfera barruan dauden gorputzen gainean egiten duen presioa da."
Materiala:
- Kristalizatzailea (edo plater bat).
- Botila baten kortxoa.
- Zotz bat.
- Poxpoloa.
- Probeta.
Prozedura:
Ura ezarri kristalizatzailean, zentimetro bat inguru neur dezala. Kortxo bat tente jarriko dugu, mantentzen ez bada ur pixka bat kendu. Kortxoaren gainean zotz bat sartuko dugu gora begira.
Montajea egin ondoren zotzari su emango diogu barren aldean. Zotza itzali aurretik probeta bat buruz behera sartuko dugu. Zotza itzaltzen denean ura probeta barrura sartuko da eta kortxoa gorantz bultzatuko du.
Bideoa ikusteko klikatu argazkian.
Azalpena:
Piztutako zotzaren gainean dagoen airea beroa dago. Probeta buruz behera sartzerakoan aire bero horrek kanpoan dagoen airearen presio bera egiten du. Probeta barruko oxigenoa agortzerakoan zotza itzali egiten da eta inguruko airea hoztu. Tenperatura jeitsieraren erruz airearen presioa ere jeitsi egiten da, ondorioz konprimitu egiten da eta ura sartzen da probeta barrura.

32) Solidoen dilatazioa.
Helburuak:
Solidoak tenperatura igotzen denean dilatatzen direla frogatzea.
Materiala:
- Aluminio papera.
- Zelo papera (Santander esaten diotena).
- Bunsen metxeroa.
- Matxarda.
Prozedura:
Aluminio papera eta zelo papera itsatsi. Matxardarekin eutsi eta metxeroaren garretara hurbildu, kontuz, erre gabe!
Solido bakoitzak dilatazio-koefiziente desberdina duenez papera kurbatu egiten da, aluminioa gehiago dilatatzen baita.


33) Masa vs Pisua.
Helburuak:
Masa eta Pisua kontzeptuak desberdintzea.
Materiala:
- Burdinezko edo altzairuzko tresna bat (hobe oso arina ez bada).
- Balantza elektronikoa.
- Imana.
Prozedura:
Burdinezko tresna balantzan pisatuko dugu eta emaitza idatziko dugu. Ondoren goikaldetik iman bat hurbilduko dugu 3-4 mm-tako distantziara. Balioa dantzan arituko da eta guk baliorik txikiena hartuko dugu. Tresna arina bada, edo imana asko hurbiltzen badugu, tresnak salto egin dezake imanera, orduan askatu egingo dugu eta itxaron egingo dugu hasierako pisua estabilizatu arte.
Klikatu argazkian bideoa ikusteko.
Aukerak:
Material desberdineko tresnak erabil daitezke eta ikusi ea guztiek neurri berean jasaten duten imanaren eragina. Guk laborategiko metalezko matxarda astun batzuk, balantza zaharretako pisuak eta kokakola lata hutsak erabili ditugu.


34) Ur azpiko sumendia.
Helburuak:
Tenperatura desberdinetan dagoen uraren korronteak ikustea.
Materiala:
- Saihodi txikia.
- Prezipitatu ontzi handia eta ertaina.
- Bunsen metxeroa.
- Matxarda.
- Kolorantea edo tinta.
Prozedura:
Maria bainuan saihodi batean dagoen ur koloreduna berotuko dugu, horretarako prezipitatu ontzi ertain bat erabiliko dugu. Bitartean prest izango dugu prezipitatu ontzi handi bat litro erdi urez beteta. Saihodiko ura berotzen denean matxarda batekin atera eta prezipitatu ontzi handian sartuko dugu.


35) Uraren azala.
Helburuak:
Uraren azaleko tentsioa aztertu.
Presio atmosferikoaren indarra aztertu.
Materiala:
- Dilistak.
- Edalontzia (aho zirkular jarraia izan behar du).
- Tantakaria.
- Prezipitatu ontzi handia edo kristalizatzailea.
- Kartulina zati bat.
Prozedura:
1. Praktika: Dilisten zirkulu majikoa.
Edalontzi bat urez bete goraino. Tantakariaz jarraitu tantak isurtzen harik eta urak gehiago jasan ezin arte. Uraren azala borobilduta aurkituko dugu. Ondoren pazientzia handiz hasi ertzean dilistak ezartzen buelat osoa bete arte. Saia zaitez ondoren bigarren lerro bat egiten, tentsioa mantentzen badu posible izango duzu azalera osoa ere dilistaz bete.
2. Praktika: Uraren igogailua.
Edalontzi bat urez bete eta gainean ontzi handi bat ezarri. Kontu handiz buelta eman eta ontzia urez bete. Edalontziak (orain buruz behera dagoenak) ez du flotatu behar. Ondoren poliki poliki edalontzia jasotzen hasi eta konturatuko zara barruan dagoen urak bere maila mantentzen duela. Une batean edalontzia gehiegi altxatu eta airea sartzen denean edalontziko ura erori egingo da.
3. Praktika: Ura ez da erortzen.
Edalontzia urez bete goraino eta tantakariaz jarraitu betetzen arik eta uraren azala borobildu arte. Ondoren kartulina zati bat ezarri edalontziaren ahoaren gainean. Ondo "itsatsita" dagoela iruditzen zaizunean kontu handiz buelta eman.
Edalontziko ura ez da eroriko presio atmosferikoak eragiten duen indarragatik.


36) Zenbat tanta sartzen dira txanpon batean?
Manuel DĂ­az Escalerak bere FQ-Experimentos blogetik ateratako praktika. 

Helburuak:
Uraren azaleko tentsioa aztertu.
Garbikariaren eragina antzeman.
Materiala:
- Txanponak.
- Tantakaria.
- Bi prezipitatu ontzi.
- Koloratzailea.
- Garbikaria.
Prozedura:
Bi prezipitatu ontzi urez bete. Batean garbikaria ezarri. Bi koloratzaile desberdin erabiliko ditugu hobeto bereizteko (eta praktika politagoa atera dadin). Ondoren tantakaria erabiliz ur tantak ezarriko ditugu txanpon batean eta kontatu egingo ditugu. Ikusiko dugu garbikaria duen uraren tanta gutxiago ezarri ahal izango ditugula txanponean.
Osatzeko:
Nahi izanez gero txanpon desberdinak erabil daitezke. Diametroa neurtu eta ezarritako tanta kopuruarekin grafika egin daiteke.


37) Mach 1, bai ala ez?
Manu Hernandezek La mecĂĄnica del caracol irrati saioan azaldua.
Definizioa:
Mach zenbakia (M edo Ma) objektu baten abiadura eta mugitzen den inguruan soinuaren abiaduraren arteko zatidura da.
Helburuak:
Soinuaren barrera hautsiko duen mugimendua sorrarazi.
Materiala:
- Puxika.
- Iltzea
Prozedura:
Oso erraza da, puxika eztandarazi besterik ez dugu egin behar.
Azalpena:
Eztandaren zarataren arrazoia gomak hautsi eta hasierako egoerara itzultzeko daraman abiadura soinuaren barreraren haratagokoa izatea da, hau da 1234'8 km/h baino handiagoa.


38) Mahats-mordoa puxikekin.
Helburuak:
Puxikaren azaleko tentsioa aztertu.
Materiala:
- Puxikak.
- Makila luzea (Brotxetak egiteko erabiltzen dena adibidez)
Prozedura:
Puxikaren tentsioa ez da berdina alde guztietan, korapiloaren ondoan eta "ipurdian" goma erlaxatuago dago. Horretaz baliatuz korapiloaren ondoan puntadun makila sartu eta puxika zeharkatu poliki, eztanda egin dezan eragotziz. Lehena sartutakoan atzerantz eraman eta bigarrena sartu. Horrela hainbat puxika sartuz mahats-mordo berezia egingo dugu.
Posible da korapiloaren ondotik sartu eta "ipurditik" ateratzea ere, baina honi mahats-mordoa baino brotxeta litzateke.


39) Puxika "elektrikoa".
Manuel DĂ­az Escaleraren FQ-experimentos blog bikainetik ateratako praktika.
Helburuak:

Elektrizitaea lantzea. 
Materiala:
- Puxika.
- Aluminio papera.
- Artaziak (guraizeak).
- Makila luzea.
Prozedura:
2cm x 10cm-ko bi aluminio paper zati moztuko ditugu eta makila batean zintzilik ezarriko ditugu. Ondoren puxika elektrifikatu (ilean edo arropan igurtziz) eta aluminio paperetara hurbilduko dugu. Puxika inguratzean lehenengo papera hurbildu egingo zaiola ikusiko dugu, bigarrena berriz urrundu egingo da.
Nahi izanez gero aluminio paper gehiago ipin daitezke eta lehenengoa puxikarantz hurbilduko dela ikusiko dugu, tartekoak geldi mantenduko direla eta azkena urrundu egingo dela.
Azalpena:
Puxika igurztean erropan edo ilean zeuden elektroiak bereganatzen ditu. Aluminio paperetara hurbiltzean elektroi hauek metalera salto egiten dute puxika positibo utziz eta beraiek negatiboki kargatuz. Horregatik lehenengo papera puxikarantz hurbilduko da eta bestetik paper biak elkarrengandik urrundu egingo dira.


No comments: