Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Thursday, December 15, 2016

DBH 4: Bio. Genetika ariketak. Sexuari loturiko gaixotasunak


1) Posible al da ondo ikusten duten gurasoek alaba daltonikoa izatea? Eta seme daltonikoa izatea?

2) Gizon hemofiliko batek hemofiliaren eramalea den alaba dauka. Hau gerta dadin ezinbestekoa al da emaztea ere eramalea izatea?


3) Gizon hemofiliko eta emakume eramalea haur baten esperoan daude.
    a) Zein da haurra jaio aurretik hiltzearen probabilitatea?
    b) Haurra jaio bada, zein da hemofilikoa izateko daukan probabilitatea?

4) Zein da emakume daltoniko batek seme daltonikoa izateko daukan probabilitatea? Aukera berdina al du alaba daltonikoa izateko?

5) Emakume batek eta gizon hemofiliko batek seme hemofilikoa izan dute. Zein da emakumearen genotipoa?

6) Gizon normal batek eta daltonismoaren eramalea den emakumeak lau seme daltoniko izan dituzte. Posible al da hori?

Wednesday, December 14, 2016

DBH 4: Bio. Genetika ariketak. Odol taldeak.


1) A taldeko emakume batek eta B taldeko gizon batek bi haur dituzte, bata A taldekoa eta bestea B taldekoa. Zeintzuk dira lauren genotipoak?

2) Senar eta emazte baten ama biak 0 taldekoak ziren baina beraiek AB taldeko alaba izan dute. Posible al da? Posible bada, zein izango da orduan senar emazteen genotipoa?

3) AB taldeko gurasoak haur baten esperoan daude. Zein probalilitate dauka haurrak...
    a) ... A taldekoa izateko?
    b) ... heterozigotikoa izateko?

4) A taldeko emakume batek A taldeko semea izan du. Horretarako ezinbestekoa al da senarraren odol taldea ere A izatea?

5) AB taldeko ama eta B taldeko aita duen alaba homozigotikoak odol transfusio baten beharra dauka. Nork eman beharko lioke odola?

6) AB taldekoa den pertsona baten gurasoen genotipoa nolakoa da? Aipa itzazu aukera guziak.

7) B taldeko bi gurasoen alabaren odola 0 taldekoa da.
    a) Nolakoa da gurasoen genotipoa? 
    b) Posible al da alabaren aitonetako bat 0 taldekoa izatea?

8) Posible al da AB taldeko pertsona baten semea 0 taldekoa izatea? Eta pertsona horren ama 0 taldekoa izatea?

Thursday, December 1, 2016

Batxi 2: Lur. Ur kontinentalak.

Bila itzazu ondorengo tokiak interneten eta azter itzazu irudiak. Esan ezazu era berean ea horrelakorik badugun Euskal Herrian.

- Vintgar
- Sierra Amargosa
- Postojnska jama 
- Deltebre 
- Zaō 
- Spegazzini
- Horseshoe Bend
- Llardaneta
- Skradinski Buk
- Okavango
- Vall d'Incles 

Monday, November 28, 2016

Hemen duzue "Iluminar el océano" dokumentala. Bertan mundu guztiko zientzilarien datuak elkartu eta software berrienak ordenagailuko animazioak egiten dira, ur azpiko egiturak inoiz ez bezala ikusten direlarik. Klikatu argazkian.

https://www.youtube.com/watch?v=7hR79EQyF9A


Saturday, November 26, 2016

Batxi 2: Lur. Norteko Ferrokarrila (El Niño)

http://norteko.elhuyar.org/entzun.asp?atala=orokorra&Kodea=858
Euskalmet elkarteko Onintze Salazarrek El Niño fenomenoa azaldu digu Norteko Ferrokarrila irratsaioan.
Horretarako aurretik Atmosferaren eta Hidrosferaren dinamikak azaldu ditu. 22 minututan guk hiru hilabetetan egindakoa laburbildu du, hara ba!
Audioa entzuteko klikatu irudian.

Bestalde 2015-16 negurako El Niño botrtitza espero da, agian historiako hirugarren indartsuena izango dela diote NOAA institutuan. Irakurri artikulua.

Friday, November 25, 2016

DBH 4: Bio. Genetika ariketak (1)


1) Liztor mota batean kolore horiko antenak errezesiboak dira kolore beltzekiko. Liztor antenabeltz heterozigoto bi elkartu ditugu eta 12 arraultza jarri dituzte. Kalkula itzazu genotipo eta fenotipoaren portzentaiak eta kopuruak.

2) Landare batetan hosto berdeak gainartzaileak dira hosto moreekiko. Hosto berdeak dituen landare homozigoto baten polena hosto moreak dituen landare baten lorean sartu dugu eta landare berriak sortu dira lehen belaunaldian (F1). Ondoren lehen belaunaldiko landareak erabiliz bigarren belaunaldi bat atera dugu (F2). Zeintzuk dira belaunaldi bakoitzeko landareen genotipo eta fenotipoak?

3) Landare mota batean lore horiak edo lore zuriak ager daitezke baina gehiengoak zuriak izaten dira. Honako gurutzaketak egin ditugu. Kalkula ezazu bakoitzaren genotipoa eta fenotipoa:
  - Bi lore hori:
  - Lore zuri homozigotoa eta zuri heterozigotoa
  - Lore zuri heterozigotoa eta lore horia

4) Ardien artean gehiengoa zuriak dira. Bi ardi zuri elkartu ditugu eta lau arkumetatik bakarra izan da beltza. Mendelen legeak zehatz mehatz betez gero, zein izango da gurasoen genotipo eta fenotipo probableena? Galderaren formulazioan bada akats bat, ea aurkitzen duzun.

5) Tximeleta batetan puntu zuriak azpirakorrak dira puntu gorriekiko. Puntu gorriak dituen tximeleta heterozigoto bat eta puntu zuriak dituena gurutzatu eta hainbat tximeleta jaio dira dira lehen belaunaldian (F1). Ondoren lehen belaunaldiko tximeletak gurutzatu ditugu, bakoitza kolore berdinekoarekin eta bigarren belaunaldi bat atera dugu (F2). Zeintzuk dira belaunaldi bakoitzeko landareen genotipo eta fenotipoak?

6) Katu mota batean buztan zuria edukitzea azpirakorra da buztan beltzarekiko. Gure baserriko katu buztanzuria eta katu buztanbeltz heterozigotoa elkartu eta lau kume izan dituzte lehen belaunaldian (F1). Katakume homozigoto bi elkartu eta bigarren belaunaldi batean hamar katakume atera dira. Kalkula ezazu guztira zenbat katu buztanbeltz eta zenbat buztanzuri ditugun baserrian.

Adiiiiiii!!!!!

Genetikazko gainontzeko ariketak blog honetan bertan 2015eko azaroan.

Wednesday, November 23, 2016

Batxi 2: Lur. Ozeanotako korronteak.

Hona hemen NASAk egindako bideo bat, bertan Ozeanoetako ur azaleko korronteak agertzen dira eta oso ondo ikusten dira zurrunbilo ozeanikoak. Aldi berean argi ikusten da ereduak baino konplikatuagoa dela egoera erreala. Klikatu argazkian.

http://www.youtube.com/watch?v=xusdWPuWAoU












Bestetik hemen dugu Zirkulazio Termohalinoaren animazioa, hau ere NASAk egindakoa. Klikatu argazkian.

https://www.youtube.com/watch?v=LkRQjTdTvFE


Tuesday, November 15, 2016

DBH 4: Bio. ADNaren inguruko esaldiak.












Esan ezazu ondorengo esaldiak egiazkoak ala okerrak diren.

1) ADNaren transkripzioa zelula eukariotoetan gertatzen da bakarrik.
2) ADN molekula bat ARN molekula bat baino luzeagoa da beti.
3) ADN ligasak plasmidoa zatitzen du.
4) ADN molekula batean guanina eta zitosina kopuru bera dago, ARN molekulan ez ordea.
5) ADNaren erreplikazioa erdikontserbakorra da meiosia egin behar denean.
6) ADNaren kodoiek erabakitzen dute aminoazidoen ordena.
7) ADNaren transkripzioa eta itzulpena prozesu garrantzitsuak dira animalia bat klonatzerako orduan.
8) ADNaren pentosari oxigeno bat falta zaio.
9) ADNaren %50ak kodetzen ditu beharrezko proteinak, gainerako %50aren funtzioa ez da ezagutzen oraindik.
10) ADNan gertatzen diren mutazioak heredagarriak dira beti.
11) ADNaren TAC konbinazioa oso garrantzitsua da.
12) ADNa espezie desberdinena bada izakiak bioerremediazioa egiten duela esango dugu.