Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Monday, December 27, 2010

Berria: Zikoina erraldoien fosilak aurkitu dituzte Flores irlan

Orain arte Indonesiako Flores irla famatua bazen, 2004ean bertan aurkitutako hominido nanoen fosilengatik zen. Floresko gizaki hauek (homo floresiensis) txikiagotzera eboluzionatu zuten eta hortik zientzialarien artean jaso duten "hobbit" ezizena.
Baina aurten gizaki hau aurkitu zuten Liang Bua izeneko leize berean sakonago aztertzen hasita beste izaki harrigarri baten lau hezur aurkitu dituzte Hanneke Meijer holandarrak eta Rokus Due indonesiarrak: Zikoina erraldoi (Leptotilos robustus) baten hezurrak hain zuzen ere. Duela 50.000 eta 20.000 urte artean bizi izan zen.
Zikoina erraldoi hauek gaur egungo marabuen itxura zuten baina ia bi metrotako altuera eta hamasei kilogramotako pisua. Ziurrenik ez zuten hegan egingo baina uste da beldurgarriak izango zirela gizakientzako eta agian noizbehinka erasotu eta hauen haurrak jango zituzten. Ezkerreko irudian duzue bien arteko konparaketa.
Irla isolatuetan sarritan gertatzen dira gigantismo edota enanismo prozesuak. Flores irlan bertan jakina da dordoka eta arratoi erraldoiak eta elefante nanoak ere existitu izan zirela zikoina erraldoi eta gizaki nanoekin batera.

Sunday, December 19, 2010

Ondo-ondo pasau gabonotan...

Aupa Axkoittiarrak!!!
Ondo-ondo pasaizue gabonotan, ta trankill eon, esangutzet Olentzeroi errealo on-onak erueteko zeuon etxietara!!!

Berria: Urteko hamar istorio bitxienak

Science NOW web orriak 2010 urteko hamar istorio zientifiko bitxienak bildu ditu. Hauexek dira beraien aburuz 10 onenak:

10.a
Dordokek osatutako irla.
Libiako kostaldean, egunero milaka dordokatako multzo bat uretan flotatzen ikus daiteke eguzkia eta arnasa hartzen. Beren oskolek benetako irla bat dirudite. Sandra Hochscheid ikerlariak aztertu ditu animalia hauek eta bitxiena da dordokei ez zaiela flotatzea gustatzen, itsas hondoan bizi dira beren bizitzaren %98an, eta arnasa hartzera igo behar dutenean multzoka egiten dute.
9.a
Buruko hilea azkarrago zahartzen da oinetako azazkalak baino.
Erloju atomiko superzehatz batek demostratu du gure gorputzeko atalak erritmo desberdinean zahartzen direla. Zenbat eta gorago egon grabitatearen presioa handiagoa da, eta ondorioz azkarrago zahartzen dira. Desberdintasuna izugarri txikia da, baina elektroien energia egoera aldaketak aztertuz demostratu dute hau.
8.a
Korrika egiteko zapatilen inguruko egiaztapen harrigarria.
Zapatilarik gabe korrika hobeto egiten dela demostratu du Harvard Unibertsitateko Daniel Lieberman ikerlariak. Berak dio zapatilek desberdin korrika egin arazten digutela, eta ondorioz lesioak sufritzeko arrisku handiagoa daukagula. Hau demostratzeko Keniara joan zen eta bertan 200 korrikalariri korrika egin arazi zien zapatilekin eta oin hutsik.
7.a
Nola irakatsi zure Robotari gezurrak esaten
2007an suitzar ikerlari batzuek aipatu zuten experientziarekin ikasten duten robotek gezurrak esateko ahalmena gara zezaketela. Aurten Atlantako Alan Wagner eta Ronald Arkinek bi robot jarri zituzten ezkutaketara jolasten eta konturatu ziren ezkutatuta zegoenak pista faltsuak uzten zizkiola bilatzaileari. Ikusi bideoa.
6.a
Arantzadun zakila duenak lortzen du neska
Intsektu askoren zakilek arantzak dituzte. Michael Polak eta Arash Rashed-ek frogatu dute arantzarik gabeko zakildun euliek ez dutela emearekin ugaltzea lortzen. Hau demostratzeko laser superzehatz baten bidez euli batzuei zakileko arantzak kendu dizkiete eta ikusi dute hauek kopulatu ondoren emeak arraren esperma kanporatu egiten dutela.
5.a
"Plater hegalariek" Lurraren aldaketa klimatikoa ekidin dezakete
Calgaryko Unibertsitateko David Keith zientzilariak frogatu du plater itxurako metalezko objetu txikiak estratosferan jarriko bagenitu eguzkiaren argiaren aurkako ispilu ezinhobeak izango liratekeela, eta berotasun gutxiago iritsiko zaigunez aldaketa klimatikoa ekidin dezaketela.
4.a
Zure txakurra pesimista da?
Txakurren izaeran jakituna den Emily Blackwell ingeles ikerlariak 24 txakurrekin hainbat froga egin ondoren zera ondorioztatu du; txakurren heren batek jarrera arazoak erakusten dituela jabeak etxean bakarrik uzten duenean, zaratak ateratzen ditu, pixa egiten du lurrean, telebistaren mandoa murtxikatzen du... Honen arrazoia zera da, txakur hauek izaeraz pesimistak direla.
3.a
Olio tanta bat gai da labirinto konplexuan biderik motzena bilatzeko.
Evanstoneko Unibertsitatean froga berezi bat egin dute. Laberinto konplexu bat sustantzia alkalinoz bete dute eta labirintoaren irteeran sustantzia azidoa jarri dute. Bartosz Grzybowskiren taldeak ikusi du olio tanta batek bide motzena aurkitzen duela irteerara iristeko.
Ikusi bideoa.
2.a
Dantza mugimendu hauek "irresistibleak" dira
Mutilen dantza mugimenduak aztertu dituzte Newcastle-ko Northumbria Unibertsitatean. 30 mutil jarri dituzte diskoteka batean dantzan, 30 segunduz grabatu eta horietan oinarrituriko simulazio digitalak erakutsi dizkiete hainbat neskari. Neskek mugimendurik erakargarrienak aukeratu dituzte eta baita torpeenak zeintzuk diren erabaki ere. Ikusi bideoak.
1.a
Gure unibertsoa zizare zulo batean bizi al da?
Gurea baino askoz handiagoa zen unibertso batean izar erraldoi batek eztanda egin zuen. Hain handia zen izarra eztanda horren ondorioz zizare zulo bat sortu zela eta bertan "jaio" zen gure unibertsoa. Hala dio Indianako Unibertsitateko Nikodem Poplawski zientzilariak. Honek bakarrik azal omen dezake grabitatearen izaera eta unibertsoa handitzen ari den teoria.

Saturday, December 11, 2010

MGZ: Proteinen sintesia

Hona hemen bideotxo bat proteinak nola sortzen diren azaltzen duena.

Friday, December 10, 2010

Berria: 2010, azken 130 urtetako urterik beroena

NASAk urteen batazbesteko tenperatura neurtzen duenetik (1880an hasi zen) aurtengo hau izan da beroena, orain arte beroena zen 2005a baino 0'12ºC beroagoa. Hala dakar abenduaren hamarreko Science aldizkariaren web orriak.
NASAk abenduaren batetik azaroaren 30 arteko urtebeteak kontatzen ditu eta horrela, aurtengo mundu mailako tenperatura 14'65ºCtan gelditu da, planetaren zati lehorrean 14'85ºCeko izan delarik.
Inoizko azarorik beroena izan dugula ere zehaztu dute, batez ere Ameriketa aldean (New Yorken normala baino ia gradu bat gehiago), eragile nagusia Artikoko tenperatura altuak izan direlarik (normala baino 10ºC gehiago). Honen adierazgarri Hudson badiako uretan izotz zatirik agertu ez izana. Europan aldiz azaroa hotza eta gogorra izan da.
Azken hamarkada inoizko hamarkadarik beroena ere izan da (eitb albisteak) eta hau noski, aldaketa klimatikoa aurrera dihoan seinale da.

MGZ: Kode genetikoaren ariketak

Hemen duzue kode genetikoa lantzeko ariketa pare bat flash formatuan.
The University of Utah:Learn Genetics orrialdetik atera dut (lasai, ez dago ingelesez).
Lehenengoan ADNaren zati bat osatu behar duzue.
ADN molekula osatu

Bigarrenean proteinen sintesirako transkripzioa ageri da. Lehenik eta behin ADN harizpia ARN harizpiarekin kopiatzen da (gogoratu ARN-k timinaren ordez Uraziloa daukala) eta ondoren proteina osatzen da dagozkien aminoazidoak kateatuz.
Gene bat trankribatu

Wednesday, December 8, 2010

MGZ: Aminoazidoen sekuentziak

Hemen aurkezten dizkizuegu ARNaren bi zati (bideo bakoitzean bat). Saia zaitezte kode genetikoa erabiliz aminoazidoen katea osatzen.
Beraz:
1) Idatzi koadernoan bideoan ikusitako sekuentzia.
2) Bilatu kode genetikoaren inguruko informazioa interneten.
3) Idatzi aminoazidoen sekuentzia.
1. bideoa







2. bideoa

MGZ: ADNa kopiatzen.

ADNa kopiatzea izango da gure hurrengo lana. Lehenengo bideotxoan hiru ADN zati erakutsiko dizkizuegu eta bakoitzaren osagarria idatzi beharko duzue. Lehenengo zatia erraza da, bigarrena ere bai, hirugarrena luzeagoa, beraz zailtxoagoa.








Bigarren bideo honetan ADNaren osagarria izango den ARN sekuentzia bilatu beharko duzue. Hau superzaila da eta ez dugu uste lortuko duzuenik, baina bueno... saiatu...

Friday, December 3, 2010

Berria: Artsenikotan hazten den bakterioa

Azken egunotan NASA espazio agentziak eta Science aldizkariak harrigarria den berria argitaratu dute: artsenikotan hazten den bakterio mota bat aurkitua izan da.
Ezagutzen diren bizi forma guztiak C, H, O, N, S eta P bioelementu nagusiez osaturik daude, bakoitzak funtzio oso bereziak betetzen dituelarik. Ia ezinezkotzat jotzen zen elementu hauetakoren baten ordez besteren bat erabiltzea, are gutxiago hain pozoitsua den artsenikoa. Baina Californiako Mono Laken zera aurkitu dute; Halomonadaceae generoko GFAJ-1 bakterioek artsenikoa erabiltzen dutela fosfororik eskuragarri ez daukatenean.
NASAko astrobiologia institutuko ikerlaria den Felisa Wolfe-Simonek eta beste hainbat zientzialarik urte batzuk badaramazkite bizitzaren forma "alternatiboak" bilatzen. Artsenikoak eta fosforoak badute ezaugarri komunik eta horregatik aztertu zuten artseniko kontzentrazio altuak dituen Mono Lakeko uretako lokatza. Wolfe-Simon berak aitortu du bertan bizitzarik aurkitzeko itxaropen handirik ez zutela baina hara non agertu den bakterio bitxi hau.
Honek erabat aldatzen du bizitza extralurtarra bilatzeko metodoa. NASAk dio Titanek artseniko ugari duenez orain arte bizidunik ez egoteko arrazoi nahikoa bazela, baina orain satelitea aztertzeko arrazoi gehiago daudela.

Thursday, December 2, 2010

MGZ: ADNaren egitura

Hona hemen ADNaren egitura azaltzan duten bideo bi (egin klik argazkietan bideoak ikusteko). Gazteleraz dira, sentitzen dut.

1. La estructura del ADN: Watson y Crick (1953)








2) El descubrimiento del ADN: genética de poblaciones

MGZ: Nor zen Rosalind Franklin?

Nor zen Rosalind Franklin?
Zergatik ez duzu ezagutzen?