
Ezagutzen diren bizi forma guztiak C, H, O, N, S eta P bioelementu nagusiez osaturik daude, bakoitzak funtzio oso bereziak betetzen dituelarik. Ia ezinezkotzat jotzen zen elementu hauetakoren baten ordez besteren bat erabiltzea, are gutxiago hain pozoitsua den artsenikoa. Baina Californiako Mono Laken zera aurkitu dute; Halomonadaceae generoko GFAJ-1 bakterioek artsenikoa erabiltzen dutela fosfororik eskuragarri ez daukatenean.

NASAko astrobiologia institutuko ikerlaria den Felisa Wolfe-Simonek eta beste hainbat zientzialarik urte batzuk badaramazkite bizitzaren forma "alternatiboak" bilatzen. Artsenikoak eta fosforoak badute ezaugarri komunik eta horregatik aztertu zuten artseniko kontzentrazio altuak dituen Mono Lakeko uretako lokatza. Wolfe-Simon berak aitortu du bertan bizitzarik aurkitzeko itxaropen handirik ez zutela baina hara non agertu den bakterio bitxi hau.
Honek erabat aldatzen du bizitza extralurtarra bilatzeko metodoa. NASAk dio Titanek artseniko ugari duenez orain arte bizidunik ez egoteko arrazoi nahikoa bazela, baina orain satelitea aztertzeko arrazoi gehiago daudela.
No comments:
Post a Comment