Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Sunday, March 19, 2017

Batxi 2: Lur. Avatar filmaren galdetegia.

Hemen duzue Avatar filmearen inguruko galdetegia. Galdera batzuen erantzuna filman bertan aurkituko duzue baina beste batzuk erantzuteko garunak pixka bat nekatu beharko dituzue. On egin!

1) Pandora bizidunak dauden planeta urruna da eta bertan Na'vi izeneko gizaki itxurako aborigenak bizi dira. Esaldi honetan badago akats bat, zein da?
2) Neytirik Jake salbatzen duenean ez ditu honen eskerrak onartzen eta txakurrak hiltzearen erruduna bera izan dela dio. Zergatik?
3) Jake Sully Pandorara iritsi aurretik gizakiak saiatu izan dira Na'viekin negoziatzen. Eskola bat ireki zuten eta botikak eta errepideak eskaini zizkieten, baina Na'viek ez zuten horrelakorik onartu. Zergatik?
4) Na'viek lau hatz dituzte eta Avatarrek bost. Efekto espezialak egiten dituztenen akatsa izango da ala badago hau azaltzen duen arrazoi zientifikoren bat?
5) Jake Sully Na'viengana iristerakoan Neytiriren amak esaten dio “Es imposible llenar taza que está llena”. Zergatik esaten dio hori?
6) Gauez Pandorako bizidunek argia sortzen dute. Zein da fenomeno honen izen zientifikoa? Aipa itzazu gure planetan aurki daitezkeen adibide pare bat.
7) Pandorako bizidun guztiak elkar komunikaturik daude eta arimen zuhaitzean guztien oroitzapenak gordetzen dira, baita hilda daudenenak ere. Zeren antza du honek?
8) Guztiok emozionatu gara bukaeran, baina zure ustez filmea ongi bukatzen da? Hau da, nork komeniko litzateke irabaztea, gizakiek ala Na'viek?
9) Imagina ezazu Pandorako kasua Lurrean gertatzen dela, hau da, Afrikako oihanean mineral oso garrantzitsu bat aurkitzen dutela (deitu diezaiogun adibidez “coltan”) eta mineral horrek gure bizimodua hobetzeko balio duela. Ziurrenik mineral horren gainean oihan tropikala egongo da eta animalia eta gizakiak biziko dira bertan. Kasu honetan noren alde egongo zinateke, minerala aterako dutenen alde ala bertan bizi diren aborigenen alde? Arrazoitu erantzuna.
10) Txamanak, naturarekiko armonia, oreka... Gaur egun horrelako jenderik badago Lurrean? Non? Europan aspaldi horrelako leinurik egon zen?

No comments: