Ongi etorriak Mikelen Txokora

Ongi etorriak izan zaitezte Mikelen txokora.
Hemen aurkituko dituzue ZIENTZIEN arloan salseatzeko hainbat kontu.

DBHko Matematika eta Natura ariketez gain Batxilergoko Biologia, Mundu Garaikiderako Zientziak eta Lur eta Ingurunearen Zientzien ariketa, bideo eta abarrak ere aurkituko dituzue.

Monday, December 27, 2010

Berria: Zikoina erraldoien fosilak aurkitu dituzte Flores irlan

Orain arte Indonesiako Flores irla famatua bazen, 2004ean bertan aurkitutako hominido nanoen fosilengatik zen. Floresko gizaki hauek (homo floresiensis) txikiagotzera eboluzionatu zuten eta hortik zientzialarien artean jaso duten "hobbit" ezizena.
Baina aurten gizaki hau aurkitu zuten Liang Bua izeneko leize berean sakonago aztertzen hasita beste izaki harrigarri baten lau hezur aurkitu dituzte Hanneke Meijer holandarrak eta Rokus Due indonesiarrak: Zikoina erraldoi (Leptotilos robustus) baten hezurrak hain zuzen ere. Duela 50.000 eta 20.000 urte artean bizi izan zen.
Zikoina erraldoi hauek gaur egungo marabuen itxura zuten baina ia bi metrotako altuera eta hamasei kilogramotako pisua. Ziurrenik ez zuten hegan egingo baina uste da beldurgarriak izango zirela gizakientzako eta agian noizbehinka erasotu eta hauen haurrak jango zituzten. Ezkerreko irudian duzue bien arteko konparaketa.
Irla isolatuetan sarritan gertatzen dira gigantismo edota enanismo prozesuak. Flores irlan bertan jakina da dordoka eta arratoi erraldoiak eta elefante nanoak ere existitu izan zirela zikoina erraldoi eta gizaki nanoekin batera.

Sunday, December 19, 2010

Ondo-ondo pasau gabonotan...

Aupa Axkoittiarrak!!!
Ondo-ondo pasaizue gabonotan, ta trankill eon, esangutzet Olentzeroi errealo on-onak erueteko zeuon etxietara!!!

Berria: Urteko hamar istorio bitxienak

Science NOW web orriak 2010 urteko hamar istorio zientifiko bitxienak bildu ditu. Hauexek dira beraien aburuz 10 onenak:

10.a
Dordokek osatutako irla.
Libiako kostaldean, egunero milaka dordokatako multzo bat uretan flotatzen ikus daiteke eguzkia eta arnasa hartzen. Beren oskolek benetako irla bat dirudite. Sandra Hochscheid ikerlariak aztertu ditu animalia hauek eta bitxiena da dordokei ez zaiela flotatzea gustatzen, itsas hondoan bizi dira beren bizitzaren %98an, eta arnasa hartzera igo behar dutenean multzoka egiten dute.
9.a
Buruko hilea azkarrago zahartzen da oinetako azazkalak baino.
Erloju atomiko superzehatz batek demostratu du gure gorputzeko atalak erritmo desberdinean zahartzen direla. Zenbat eta gorago egon grabitatearen presioa handiagoa da, eta ondorioz azkarrago zahartzen dira. Desberdintasuna izugarri txikia da, baina elektroien energia egoera aldaketak aztertuz demostratu dute hau.
8.a
Korrika egiteko zapatilen inguruko egiaztapen harrigarria.
Zapatilarik gabe korrika hobeto egiten dela demostratu du Harvard Unibertsitateko Daniel Lieberman ikerlariak. Berak dio zapatilek desberdin korrika egin arazten digutela, eta ondorioz lesioak sufritzeko arrisku handiagoa daukagula. Hau demostratzeko Keniara joan zen eta bertan 200 korrikalariri korrika egin arazi zien zapatilekin eta oin hutsik.
7.a
Nola irakatsi zure Robotari gezurrak esaten
2007an suitzar ikerlari batzuek aipatu zuten experientziarekin ikasten duten robotek gezurrak esateko ahalmena gara zezaketela. Aurten Atlantako Alan Wagner eta Ronald Arkinek bi robot jarri zituzten ezkutaketara jolasten eta konturatu ziren ezkutatuta zegoenak pista faltsuak uzten zizkiola bilatzaileari. Ikusi bideoa.
6.a
Arantzadun zakila duenak lortzen du neska
Intsektu askoren zakilek arantzak dituzte. Michael Polak eta Arash Rashed-ek frogatu dute arantzarik gabeko zakildun euliek ez dutela emearekin ugaltzea lortzen. Hau demostratzeko laser superzehatz baten bidez euli batzuei zakileko arantzak kendu dizkiete eta ikusi dute hauek kopulatu ondoren emeak arraren esperma kanporatu egiten dutela.
5.a
"Plater hegalariek" Lurraren aldaketa klimatikoa ekidin dezakete
Calgaryko Unibertsitateko David Keith zientzilariak frogatu du plater itxurako metalezko objetu txikiak estratosferan jarriko bagenitu eguzkiaren argiaren aurkako ispilu ezinhobeak izango liratekeela, eta berotasun gutxiago iritsiko zaigunez aldaketa klimatikoa ekidin dezaketela.
4.a
Zure txakurra pesimista da?
Txakurren izaeran jakituna den Emily Blackwell ingeles ikerlariak 24 txakurrekin hainbat froga egin ondoren zera ondorioztatu du; txakurren heren batek jarrera arazoak erakusten dituela jabeak etxean bakarrik uzten duenean, zaratak ateratzen ditu, pixa egiten du lurrean, telebistaren mandoa murtxikatzen du... Honen arrazoia zera da, txakur hauek izaeraz pesimistak direla.
3.a
Olio tanta bat gai da labirinto konplexuan biderik motzena bilatzeko.
Evanstoneko Unibertsitatean froga berezi bat egin dute. Laberinto konplexu bat sustantzia alkalinoz bete dute eta labirintoaren irteeran sustantzia azidoa jarri dute. Bartosz Grzybowskiren taldeak ikusi du olio tanta batek bide motzena aurkitzen duela irteerara iristeko.
Ikusi bideoa.
2.a
Dantza mugimendu hauek "irresistibleak" dira
Mutilen dantza mugimenduak aztertu dituzte Newcastle-ko Northumbria Unibertsitatean. 30 mutil jarri dituzte diskoteka batean dantzan, 30 segunduz grabatu eta horietan oinarrituriko simulazio digitalak erakutsi dizkiete hainbat neskari. Neskek mugimendurik erakargarrienak aukeratu dituzte eta baita torpeenak zeintzuk diren erabaki ere. Ikusi bideoak.
1.a
Gure unibertsoa zizare zulo batean bizi al da?
Gurea baino askoz handiagoa zen unibertso batean izar erraldoi batek eztanda egin zuen. Hain handia zen izarra eztanda horren ondorioz zizare zulo bat sortu zela eta bertan "jaio" zen gure unibertsoa. Hala dio Indianako Unibertsitateko Nikodem Poplawski zientzilariak. Honek bakarrik azal omen dezake grabitatearen izaera eta unibertsoa handitzen ari den teoria.

Saturday, December 11, 2010

MGZ: Proteinen sintesia

Hona hemen bideotxo bat proteinak nola sortzen diren azaltzen duena.

Friday, December 10, 2010

Berria: 2010, azken 130 urtetako urterik beroena

NASAk urteen batazbesteko tenperatura neurtzen duenetik (1880an hasi zen) aurtengo hau izan da beroena, orain arte beroena zen 2005a baino 0'12ºC beroagoa. Hala dakar abenduaren hamarreko Science aldizkariaren web orriak.
NASAk abenduaren batetik azaroaren 30 arteko urtebeteak kontatzen ditu eta horrela, aurtengo mundu mailako tenperatura 14'65ºCtan gelditu da, planetaren zati lehorrean 14'85ºCeko izan delarik.
Inoizko azarorik beroena izan dugula ere zehaztu dute, batez ere Ameriketa aldean (New Yorken normala baino ia gradu bat gehiago), eragile nagusia Artikoko tenperatura altuak izan direlarik (normala baino 10ºC gehiago). Honen adierazgarri Hudson badiako uretan izotz zatirik agertu ez izana. Europan aldiz azaroa hotza eta gogorra izan da.
Azken hamarkada inoizko hamarkadarik beroena ere izan da (eitb albisteak) eta hau noski, aldaketa klimatikoa aurrera dihoan seinale da.

MGZ: Kode genetikoaren ariketak

Hemen duzue kode genetikoa lantzeko ariketa pare bat flash formatuan.
The University of Utah:Learn Genetics orrialdetik atera dut (lasai, ez dago ingelesez).
Lehenengoan ADNaren zati bat osatu behar duzue.
ADN molekula osatu

Bigarrenean proteinen sintesirako transkripzioa ageri da. Lehenik eta behin ADN harizpia ARN harizpiarekin kopiatzen da (gogoratu ARN-k timinaren ordez Uraziloa daukala) eta ondoren proteina osatzen da dagozkien aminoazidoak kateatuz.
Gene bat trankribatu

Wednesday, December 8, 2010

MGZ: Aminoazidoen sekuentziak

Hemen aurkezten dizkizuegu ARNaren bi zati (bideo bakoitzean bat). Saia zaitezte kode genetikoa erabiliz aminoazidoen katea osatzen.
Beraz:
1) Idatzi koadernoan bideoan ikusitako sekuentzia.
2) Bilatu kode genetikoaren inguruko informazioa interneten.
3) Idatzi aminoazidoen sekuentzia.
1. bideoa







2. bideoa

MGZ: ADNa kopiatzen.

ADNa kopiatzea izango da gure hurrengo lana. Lehenengo bideotxoan hiru ADN zati erakutsiko dizkizuegu eta bakoitzaren osagarria idatzi beharko duzue. Lehenengo zatia erraza da, bigarrena ere bai, hirugarrena luzeagoa, beraz zailtxoagoa.








Bigarren bideo honetan ADNaren osagarria izango den ARN sekuentzia bilatu beharko duzue. Hau superzaila da eta ez dugu uste lortuko duzuenik, baina bueno... saiatu...

Friday, December 3, 2010

Berria: Artsenikotan hazten den bakterioa

Azken egunotan NASA espazio agentziak eta Science aldizkariak harrigarria den berria argitaratu dute: artsenikotan hazten den bakterio mota bat aurkitua izan da.
Ezagutzen diren bizi forma guztiak C, H, O, N, S eta P bioelementu nagusiez osaturik daude, bakoitzak funtzio oso bereziak betetzen dituelarik. Ia ezinezkotzat jotzen zen elementu hauetakoren baten ordez besteren bat erabiltzea, are gutxiago hain pozoitsua den artsenikoa. Baina Californiako Mono Laken zera aurkitu dute; Halomonadaceae generoko GFAJ-1 bakterioek artsenikoa erabiltzen dutela fosfororik eskuragarri ez daukatenean.
NASAko astrobiologia institutuko ikerlaria den Felisa Wolfe-Simonek eta beste hainbat zientzialarik urte batzuk badaramazkite bizitzaren forma "alternatiboak" bilatzen. Artsenikoak eta fosforoak badute ezaugarri komunik eta horregatik aztertu zuten artseniko kontzentrazio altuak dituen Mono Lakeko uretako lokatza. Wolfe-Simon berak aitortu du bertan bizitzarik aurkitzeko itxaropen handirik ez zutela baina hara non agertu den bakterio bitxi hau.
Honek erabat aldatzen du bizitza extralurtarra bilatzeko metodoa. NASAk dio Titanek artseniko ugari duenez orain arte bizidunik ez egoteko arrazoi nahikoa bazela, baina orain satelitea aztertzeko arrazoi gehiago daudela.

Thursday, December 2, 2010

MGZ: ADNaren egitura

Hona hemen ADNaren egitura azaltzan duten bideo bi (egin klik argazkietan bideoak ikusteko). Gazteleraz dira, sentitzen dut.

1. La estructura del ADN: Watson y Crick (1953)








2) El descubrimiento del ADN: genética de poblaciones

MGZ: Nor zen Rosalind Franklin?

Nor zen Rosalind Franklin?
Zergatik ez duzu ezagutzen?

Tuesday, November 30, 2010

MGZ: Zientzia zineman (3)

Genetikaren inguruko bi filmeren berri dakarkizuet oraingoan.

Lehenengoa La isla izenekoa da, Mariak klasean aipatu zuena. 2005ekoa da eta klonazioaren gaia aztertzen du. Niri gustatu zitzaidan filmea.
Ewan McGregor eta Scarlett Johansson dira aktore nagusiak.









Aurtengo udan estrenatu da manipulazio genetikoari buruzko beldurrezko filme bat. Splice du izena. Nik ez dut ikusi baina interesgarria dirudi. Manipulazioaren ondorio txarrenak erakusten ditu. Adrien Brody eta Sarah Polley dira protagonistak.

Monday, November 22, 2010

MGZ: Gattaca filmaren galdetegia

Gattaca filmea ikusten ari gara. Genetikako gaiak lantzen dituen filma da eta bigarren hiruhilekoari sarrera emateko balioko digu. Gogoratu pelikula ikusi ondoren galderak erantzun beharko ditugula.

1) Filman esaten dute jadanik inork ez duela argazkietara begiratzen. Zergatik?
2)
Zein desberdintasun dago Vincent eta Anton anaien artean?
a) Jaiotzan:
b) Jendeak nola tratatzen dituen haur garaian:
c) Beraien arteko harremanean (haur direla):
3)
Zein frogek balio dute bakoitzaren “baliotasuna” neurtzeko?
4)
Non daude gordeta zure geneak?
5)
Filmaren hasieran aktoreen izenak agertzen direnean A C G eta T letrak nabarmentzen dira. Gattaca osatzen duten letrak dira. Zerbait berezia nabaritzen duzu letra horietan?
6)
Zein aldaketa izan ditu protagonistak Vincent izatetik Jerome izatera pasatu denean?
a)
Jendeak nola ikusten duen: (Gattacako jendeak, garbitzaileen nagusiak...)
b) Bere izakeran:
7)
Filmaren arabera, haur bat sortzerako orduan zer programatu daiteke eta zer ez?
8)
Jerome perfektua izanik, zoriontsua al da? Zergatik?
9)
Gustatuko litzaizuke Gattacan lan egin eta Jeromen etxean bizitzea? Zergatik?
10)
Uste duzu inoiz iritsiko garela filmak erakusten duen mundura?

Sunday, November 14, 2010

MGZ: Lanak, egunerokoak eta azterketak

Jadanik aurkezpenak egin ditugu, baita lanak entregatu ere.
Asteartean (asko jota asteazkenean) jaso behar ditut egunerokoak eta ondoren azterketa etorriko da. Honekin guztiarekin bukatuko dugu "Gure lekua unibertsoan" izeneko gaia.
Honezkero kalabaza pillue batu dittut datorren astian zuei banatzeko...

Friday, November 5, 2010

MGZ: Dinosauroen extintzioa

Hau da Leire, Goizane eta Verok erakutsi nahi ziguten bideoa.

Lip Dub Loretxoa

Monday, November 1, 2010

Berria: Duela 55.000 urteko labanak aurkitu dituzte

Orain arte uste zen harrizko labanak duela 20.000 urte egiten hasi zirela Europa aldean, baina dirudienez 55.000 urte dituzten harrizko labanak aurkitu dituzte Hego Afrikako leize batean. Hona hemen Homo Sapiens blogeko artikulua.

Sunday, October 24, 2010

MGZ: Gauza guztien tamaina


Zer da dagoen gauzarik handiena?
Zer da dagoen gauzarik txikiena?
Ikus ezazue Cary eta Michael Huang-ek egindako Scale of the Universe animazioa. Ikaragarria da.

Tuesday, October 19, 2010

MGZ: Zientzia zineman (2)

Aurreko batean Zientzia fikziozko lehenengo filmea ikusi genuen, Ilargirako bidaia. Orain biziaren jatorria eta eboluzioa aztertzen ari garenez ikus ezazue bere garaian oso famatua izan zen filme baten trailerra, One million years BC (K.a. milioi bat urte). Ea ezer berezirik aurkitzen duzuen...

Sunday, October 17, 2010

MGZ: Biziaren eboluzioa bideo motz batzutan

1) Gene berekoiaren teoria:


2) Eboluzioa bost minututan kontatuta:


3) Eboluzioa Homer Simpsonek kontatua:


4) Guinness-en iragarkia:

Wednesday, October 13, 2010

MGZ: Lan berria

Proiektu berria egin behar duzue eta horretarako hainbat aukera ematen dizuet:













1A gelan: (3 pertonako 5 talde)
1) Urtarriletik abuztura
2) Iraila eta urria
3) Azaroa
4) Abenduaren 13tik 26ra
5) Abenduak 31

1B gelan: (3 pertsonako 8 talde)
1) Urtarriletik martxora
2) Apiriletik irailera
3) Urriaren 1etik azaroaren 15era
4) Azaroaren 15etik 30era
5) Abenduaren 1etik 20ra
6) Abenduaren 21etik 30era
7) Abenduak 31 (0:00-23:48)
8) Abenduak 31 (23:49-24:00)

1C gelan: (3 pertsonako 6 talde)
1) Urtarriletik abuztura
2) Iraila eta urria
3) Azaroa
4) Abenduaren 1 etik 20ra
5) Abenduaren 21etik 30era
6) Abenduak 31

Egin beharreko lana:

- Aurkezpen batean (Open Office, Google Docs, Powerpoint...) azaldu behar didazue zer gertatu zen denbora tarte horretan. Kontutan hartuko dut informazioa egoki landuta egotea, hau da, sakona bai baina argia eta ez gehiegizkoa. Beti esaten dizuet idazten duzuen guztia zuek ulertu behar duzuela.
- Gelaren aurrean aurkezpena egin behar da. Nik galderak egingo dizkizuet.

Tuesday, October 12, 2010

Berria: Unibertsoak 13.750 milioi urte ditu

WMAP sateliteak unibertsoaren adina, osaketa eta zabalkundearen azelerazioa neurtu ditu. Unibertsoa 13.750 milioi urte sortu omen zen (%1-eko errorea izan dezake).
Hona hemen El Pais egunkarian ateratako artikulua.
Hona hemen WMAP sateliteari buruzko NASAren web orria.

MGZ: Lurraren zenbakiak

Monday, October 11, 2010

MGZ: Unibertsoaren osagaiak. Lanik onenak

Orokorrean lan politak egin dizkidazue, onartu beharra daukat.
Gela bakoitzeko bana aukeratu eta hemen jarri ditut. Esan beharra daukat lanik onenak 1A gelakoek egin dituztela.

1A gelatik Beñat Rodriguez eta Ainhoa Artolarena aukeratu dut:

1B gelatik Gorka Zubizarreta eta Idoia Aranbarrirena aukeratu dut:


1C gelatik Maite Arregi eta Maria Arregirena aukeratu dut:

Monday, October 4, 2010

MGZ: hainbat galdera...

Hemen dituzue hainbat galdera. Interneten saltseatuz bila itzazue galdera hauentzako erantzunak eta bidal iezazkidazue komentario gisa:
1. Zer da serindipia? Definitu eta jar ezazue adibide bat.
2. Zeintzuk dira unibertsoan agertzen diren elementu kimiko nagusiak (eta beren portzentaiak)? Portzentaiak berdinak al dira gure planetan? Eta Jupiterren?
3. Zer da Pioneer plaka?
4. Zer da Cassini-Huygens? Zein lan dauka?
5. Everest baino mendi altuagorik ba al dago Eguzki Sisteman?
6. Zer da ISS?
7. Zer da Yottagramoa? Zein kasutan erabiliko zenuke?

Thursday, September 30, 2010

Berria: Bizitza izan dezakeen exoplaneta

Bizitza izan dezakeen exoplaneta aurkitu omen dute. Gliese 581g izena du eta gure Lurraren antza omen dauka, baina oraindik aztertzeko asko dago.
Hona hemen exoplaneten inguruan Zientzia.net-en ateratako erreportaia.

Tuesday, September 28, 2010

MGZ: Unibertsoaren osagaiak.

Interneten saltseatuz bila itzazue Unibertsoaren osagai hauek eta azal ezazue zer den eta nolakoa den bakoitza:

Galaxia
Kuasarra
Zulo beltza
Nebulosa
Konstelazioa
Izarra
Supernoba
Planeta
Satelitea
Asteroidea
Kometa

Ondoren bila ezazue bakoitzaren argazki bat horretarako hemen duzue Hubble teleskopioaren argazkiak dituen orrialdea.
Azkenik ea gai zareten Eguzki sistemako planeta bakoitzaren izena zergatik jarri zioten aurkitzeko.

Sunday, September 26, 2010

MGZ: Zientzia zineman (1)

Zinemak nola isladatu ote du Unibertsoa? Garaiaren arabera desberdinak izan dira extralurtarren eta urrutiko munduen ikuskerak. Noiz esango zenukete zuek hasi zirela zientzia fikziozko filmak egiten?
Ba hemen duzue egin zen lehen zientzia fikziozko filma, Georges Méliès zuzendari frantziarrak egin zuen duela 108 urte. Ea gustuko duzuen.
"Le Voyage dans la Lune"

MGZ: Unibertsoaren osagaiak (bideoak)

Hemen dituzue Unibertsoarekin loturiko hiru bideo.

1. Unibertsoaren osagaiak argazki ederrez azaltzen dituen bideoa.



2. Eguzki Sistemaren sorrera azaltzen duen bideo txiki bat.



3. Eta hemen dituzue Eguzki sistemako eta haratagoko astroen tamainen alderaketak:

Monday, September 20, 2010

MGZ: Zer ez da zientzia?

Hona hemen zientzia zer den baino zientzia zer ez den azaltzen duen bideoa (bi zatitan). Michael Shermer-ek egindako bideoa da. Ingelesez dago baina gaztelerazko azpitituloak ditu.

Animo!!!







Tontakeriak detektatzeko pausuak:

1) Teoria berriaren informazio iturriak fidagarriak al dira?
ala akatsak dituzte? eta akats horiek teoria alde batera eramaten al dute?
2) Informazio iturriek beti berdina esaten al dute?
ala gai dira ideia desberdinak plazaratzeko?
3) Beste inork frogatu al ditu baieztapen hauek?
hau da, pauso berdinak jarraituta beste inork gauza bera lortu al du?
4) Munduaren funtzionamenduarekin bat al dator?
hau da, errealitatea kontutan hartuta azalpenik lojikoena da?
5) Inor saiatu al da baieztapen hori ezeztatzen?
beti pentsatu behar da kontrakoek zer esango duten horrela aurrea hartzeko.
6) Froga nagusiak nora garamatza?
detaile batekin ezin da teoria bat eraiki.
7) Pertsona horrek zientziaren arauak jarraitzen al ditu?
lojika, frogak, experimentuak, arrazoiak...
8) Pertsona horrek bere teoriaren aldeko frogak aurkezten al ditu?
ala teoria zaharraren kontrako frogak bakarrik aurkeztu al ditu?
9) Teoria berria teoria zaharra bezainbeste fenomeno azaltzeko gai al da?
ala detaile konkretu batzuk bakarrik azaltzen ditu?
10) Sinismen pertsonalek sortu al dute teoria berria?
erlijioak, ideolojiak eta politikak ezin dute teoria bat baldintzatu.

Sunday, September 19, 2010

Berria: Animaliarik zaharrenen fosilak aurkitu dituzte

Australiako zientzilari batzuek animaliarik zaharrenen fosilak aurkitu dituzte. Belaki itxurakoak ziren eta duela 635 milioi urte bizi izan ziren, orain arte uste zena bainao 100 milioi urte lehenago kokatzen dutelarik animalien sorrera.
Hemen duzue berria argitaratu den artikuluetako bat:
Amazing.com (gazteleraz dago)

Saturday, September 18, 2010

MGZ: Eguzki sistema

Zein da zure adina?
Zein da zure pisua?
Hona hemen zure adina eta zure pisua Eguzki sistemako planeta desberdinetan. Klikatu estekak:
Adina
Pisua
Ariketak:
1) Zergatik desberdintasun horiek?
2) Zer dago gaizki orrialde honetan?

Thursday, September 16, 2010

Berria: Ozono geruzaren tamaina egonkor mantendu da azken hamar urteotan


Ez dela ez handitu, ezta txikitu ere dio Munduko Meteorologia Erakundeak eta NBEk egindako ikerketak.
Hona hemen gaiari buruzko hainbat artikulu:
Berria
Zientzia.net
Montrealgo protokoloa

Sunday, June 6, 2010

DBH 1: Natura. Ikasleen aurkezpenak

Hona hemen ikasleok egin dituzuen lanik onenak

Maider Perez




Nerea Heras




Jon Legarda

Tuesday, June 1, 2010

DBH 2: Matematika. Pitagorasen teorema

1) Triangelu zuzen baten katetoek 6 cm eta 8 cm neurtzen dute hurrenez hurren. Zein izango da hipotenusaren luzera?
2) Triangelu zuzen baten hipotenusak 25 metro neurtzen ditu. Kontutan izanik katetoetako batek 12 metro neurtzen dituela, zein izango da beste katetoaren neurria?
3) Ondoko eskailera 2'40 metrotako altuerara iritsi da horman eta eskaileraren oina hormatik 50 cm-ra dago. zein izango da eskaileraren luzera? Eta irudiari begiratuta, zein da maila bakoitzetik hurrengora dagoen distantzia?
4) Triangelu zuzen baten hipotenusak 8 cm neurtzen ditu eta katetoetako batek hipotenusaren hiru laurdena. Kalkulatu bigarren katetoaren luzera.
5) Triangelu zuzen eta isoszele baten kateto batek 5 cm neurtzen baditu, kalkulatu hipotenusaren eta beste katetoaren neurriak.
6) Kartaboi honen kateto bat bestearen bikoitza dela jakinik aurki itzazu alde guztien neurriak (klikatu irudian handiagoa ikusteko)

DBH 2: Matematika. Pitagorasen teorema














Imagina ezazue irudian agertzen diren bi futbol taldeen zelaietan marra diagonal bat zuriz markatzeko eskatzen dizuetela, korner batetik bestera. Zenbat neurtuko luke zelai bakoitzean margoturiko marrak?

Monday, May 24, 2010

DBH 1: Natura. Animalia erreinua


Animalien gaineko lana Google docs-eko aurkezpena erabiliz egin beharko duzue. Jadanik banatu ditugu bakoitzarentzako animaliak (inork aldatu nahi badu galdetu niri, adostasun batetara irits gaitezke). Lana bakarka egin daiteke (3 animalia) edo binaka (6 animalia). Gela bakoitzeko aurkezpen onena blogean argitaratuko dut.


Animalia bakoitzari buruz gutxienez esan behar dena:
- Izena: euskaraz, gazteleraz eta zientifikoa.
- Phylum-a: zein den eta phylumaren ezaugarri nagusiak
- Klasea (edo beste edozein azpitalde): zein den eta ezaugarri nagusiak
- Argazkia.
- Bizi funtzioak: nola betetzen dituen hiru bizi funtzioak
- Habitata: Non bizi den (ekosistema mota eta planetako eremua)
- Besterik: deigarria izan daitekeen edozein gauza.

Animalia bakoitzeko gehienez hiru diapositiba.

Animoooooooo!!!

Thursday, May 20, 2010

DBH 2: Matematika. Funtzioak.

1) Hona hemen bi funtzio. Egin itzazu beren adierazpen grafikoak grafika berean eta esan ezazu non elkartzen diren eta zein koadrantetan. y= 3-x eta y= 3x-5.
2) Bost metrotako altueran zegoen globo arroxa bat askatu egin da eta segunduro bi metro igotzen ari da. Bila ezazu adierazpen aljebraikoa, egin ezazu grafika eta esan ezazu martxa horretan jarraituta zein altueratan egongo den minutu laurden bat pasa ondoren. Zein funtzio mota da?
3) Aurki ezazu (-2, 5) eta (1,-4) puntuetatik pasatzen den zuzenaren adierazpen aljebraikoa.
4) Kola pote batek 250 ml kola dauka baina Teknologiako proiektuan 40 ml gastatzen dugu klase ordu bakoitzean. Bila ezazu egoera honen adierazpen aljebraikoa eta egin ezazu ondoren dagokion grafikoa. Zein funtzio mota da?
5) Aurki ezazu y=2x+1 eta y=-3x-4 funtzioak elkartzen diren puntua, eta esan ezazu zein koadrantetan dagoen.

Wednesday, May 19, 2010

DBH 1: Natura. Ariketa

Hona hemen hainbat bideo. Ikus itzazu eta erantzun azpiko galderak. Galdera batzuk logikaz atera ditzakezue, baina beste batzuk wikipedian begiratu beharko dituzue.

Drosera rotundifolia
Dionaea muscipula
Zein erreinutan kokatuko zenituzke?
Autotrofoak ala heterotrofoak al dira?
Deskriba ezazu landarea (tamaina, kolorea, hostoen itxura...)
Hauetariko baten bat Euskal Herrian aurki al dezakegu?
Zergatik egiten dute egiten dutena?

DBH 1: Natura. Alexander Fleming

Hemen duzue Alexander Fleming lanean. Egin ezazue idazlantxo bat (Google docs-en) honako galdera hauek gida bezala erabiliz.

1) Nor zen?
2) Nongoa zen?
3) Noiz bizi izan zen?
4) Zein zientzietan aritu zen lanean?
5) Zergatik da famatua? eta zergatik izan da garrantzitsua berak aurkitutakoa?
6) Nobel saririk jaso al zuen?

Tuesday, May 18, 2010

DBH 2: Matematika. Funtzioak (hiztegia)

Funtzioen gaian ikastitako hiztegiaren errepasua egingo dugu orain.

Adierazpen algebraikoa: Funtzio bat adierazteko erabiltzen den formula algebraikoa.
Adierazpen grafikoa: Funtzio bat adierazteko erabiltzen den grafika.
Abszisen ardatza: Grafika batean x-en balioak kokatzen diren ardatz horizontala.
Ordenatuen ardatza: Grafika batean y-ren balioak kokatzen diren ardatz bertikala.
Koadrantea: Ardatz kartesiarrek planoa zatitzen duteneko laurden bakoitza.
Koordenatuak: Puntu bat kokatzeko erabiltzen diren abszisaren eta ordenatuaren balioak.
Jatorrizko puntua: Ardatz biek bat egiten duten puntua (0,0).
Funtzio gorakorra: x eta y proportzionalak direneko funtzioa, hau da x handitzean, y ere handitzen da. Adibidez: y=4x+2
Funtzio beherakorra: x eta y alderantziz proportzionalak direneko funtzioa, hau da, x handitzean, y txikitzen da. Adibidez: y=-2x+3
Malda: funtzio baten inklinazioa. (x biderkatzen ari den zenbakia)
Jatorrizko ordenatua: Lerro zuzenak ordenatuen ardatza mozten dueneko puntua. (solte dagoen zenbakia)
Funtzio lineala: Adierazpen grafikoan zuzena jatorrizko puntutik pasatzen duena (y=a.x). Azpiko irudian y=x
Funtzio afina: Adierazpen grafikoan zuzena jatorrizko puntutik pasatzen EZ duena (y=a.x+b). Azpiko irudian y=x+1
Funtzio konstantea: Adierazpen grafikoan zuzena abszisen ardatzaren paralelo doana (y=b). Azpiko irudian y=1

Monday, May 17, 2010

DBH 1: Natura. Bizidunen labirintoa



Hemen duzue azkenean aste honetako azterketan sartzen den guztiaren eskema.

DBH 2: Mate Tailerra. Zientzilariak (eta 3)


Hona hemen azkenengo zientzialari bat. Bere garaian oso ospetsua izan zen eta oraindik ere berak asmatutako teoriek gure artean diraute. Hona hemen bere irudia. Esaidazu berari buruz dakizun guztia, baina bereziki nor zen eta zergatik den famatua.

Wednesday, May 12, 2010

DBH 1: Natura. PROTOKTISTA erreinua

Hona hemen Protoktista erreinuko hainbat izakiren irudiak.
Protozooak: ameba (1. irudia) eta paramezioa (2.irudia)
Alga mikroskopikoak: diatomeak (irudi handia), volvox (4.irudia) eta euglena (5. irudia)















DBH 1: Natura. MONERA erreinua

Hona hemen Monera erreinuko hainbat izakiren irudiak.
Lehenengo argazkian Escherichia coli izeneko baziloa ikus dezakegu,
bigarren argazkian Staphylococcus aureus izeneko kokoa,
hirugarren argazkian Treponema pallidum (sifilis) espiriloa
eta laugarrenean Vibrio cholerae (kolera) izeneko bibrioa.
























Berria: Bioaniztasunaren urtea

Nazio Batuen Erakundeak "Bioaniztasunaren Urtea" izendatu du 2010. hau. Eta konkretuki nmaiatzaren 22a izango da Bioaniztasunaren Eguna. Hau dela eta, maiatzaren 13rako hainbat ekintza antolatu dira Gasteizen. Ikustazue atxikituriko irudia (klikatu bertan handiago ikusteko).

Sunday, May 9, 2010

DBH 1: Teknologia. Eragile mekanikoak

Teknologia tailerrean iazkoek egindako garabi pare bat ikusi genituen. Hona hemen jostailuak azaltzen dituen bideotxo bat. Agian ideiaren bat hartzeko balioko dizue...

Saturday, April 24, 2010

DBH 2. Mate tailerra. Liburu zientifikoak

Hona hemen zientziaren historia eta ikuspuntua erabat aldatu duten lau liburu (klikatu irudian handiago ikusteko).
Esan ezazu bakoitzari buruz:
- Izenburua (benetakoa eta euskarazkoa).
- Idazlea.
- Non argitaratu zen eta zein urtetan.
- Zein zientziari loturik dagoen (baten batek arlo asko hartuko ditu)
- Zergatik den hain garrantzitsua.
- Liburu horretan idatzitako gauzek oraindik balio al dute?

Sunday, April 18, 2010

DBH 2: Matematika. Itzuliko etapa

Hona hemen Haimar Zubeldia txirrindulariak Euskal Herriko itzulian irabazi zuen etaparen profila eta uneoro eraman zuen abiaduraren gorabeherak. 125. kilometroan tropeletik ihes egin zuen eta bakarrik iritsi zen helmugara. Irudia handiago ikusteko egin ezazu klik bertan.


Ariketak:

1) Lehenengo tarteko helmugan sprintatu egin duela uste duzu? Eta bigarrenean?
2) Zein tartetan joan da lasaien?
3) Zein unetan hartu du abiadurarik handiena? Eta zenbateko abiadura izan da?
4) Zein izan da abiaduraren igoerarik handiena? Zenbateko igoera izan da?
5) Zein izan da jarraian igo behar izan duten mendirik handiena? Eta zenbateko altuera igo dute tarte horretan?
6) Begiz ikusita, esan ezazu etapa honetan zenbateko distantzia ibili duten zure ustez (gutxi gora behera, noski).
7) Egunkarirako etaparen kronika idazteko eskatu dizute. Aurrez erantzundako galderak erabil ditzakezu zure kronika idazteko. Kontatu zer gertatu den, nolakoa izan den etapa eta une bakotzean nolakoa zen txirrindulariaren abiadura (eta zergatik). Imaginazioa erabili ezazu hutsuneak betetzeko.